Disko berriaren A aldean, taldeak 1969an kaleratu zuen binilok jasotzen zituen hiru abestiak daude. B aldeak, berriz, Amorante, Rüdiger eta Liher taldeen bertsioak biltzen ditu.
1967an, diktadura frankista garaian, seminarista talde batek rock banda bat sortu zuen: Enarak. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren blues, psikodelia eta rock progresiboa jotzeko balentria izan zuten, euskara hutsean. 1969an, hiru abestiz osaturiko disko bat grabatu zuten eta, ondorengo lau urteetan, ehunka kantaldi eskaini zituzten Euskal Herrian zehar. Taldearen azken emanaldia Larraitzen izan zen, Txindoki mendiaren magalean, 1971ko urriaren 31n. Bertan, 5.000 gazte inguru bildu zituzten, musika modernoaren doinupean gozatzeko asmoz. Ondoren, Enarak taldea betirako desagertu zen, aztarna bakar bezala hiru kantuko diskoa utziz.
Bira Produkzioak kooperatibako kideak, tartean Beñat Iturrioz (Enarak taldeko Juanjo Iturriozen semea), taldearen historia berreskuratu eta ezagutarazteko asmoz, Enarak izeneko dokumentala sortzen dabil. Zinemak jendartean eragiteko duen ahalmena baliatuz, kontzertu bat antolatu zuten 2023ko maiatzaren 21ean, berriz ere Larraitzen. Bertan, Amorante, Rüdiger eta Liher taldeek Enarak-en hiru abestien bertsioak jo zituzten eta ekoiztetxeak grabatu, nahastu eta masterizatu zituen.
Birak eta Elkar diskoetxeak, orain, bertsio horiek disko batean bildu dituzte, B aldean, hain zuzen ere. A alderako, berriz, Enarak taldeak 1969an kaleratu zuen biniloan jasota zeuden hiru abestiak bermasterizatu dituzte.
LP berria amaitu gabe dagoen dokumental horren parte izateko jaio da, “ez da disko soil bat, ezta kontzertu arrunt bat ere. Exorzismo bat da, Enarak berpizteko erritual bat, pieza historiko berreskuratu bat edota taldearen arima kapsulatzen duen memoria kutxa bat”. adierazi dute ekoiztetxeko kideek.