Endika Lahainek eta Hawaiiano Kid-ek ‘Xamanak’ izeneko diskoa plazaratu dute

Hamaika abestiz osatuta, proiektu pertsonala dakarte bi musikari hauek.

121 Krew taldean ibilbide oparoa egin ondoren, Hawaiiano Kid musikariak eta Endika Lahaine rap abeslariak indarrak batu eta Xamanak (Taupaka) izeneko disko berria sortzeko elkartu dira berriro. Denbora luzea eman dute euren ideiak uztartuz eta lan horren fruitu dira bideoklip formatuan argitaratu zituzten Eskapismo eta Kao abestiak.

Orain, indarberrituta eta urteetako eskarmentuarekin, abesti berriak plazaratzeko asmoz elkartu dira, beraien musikaren nortasuna, beti bezala, tinko mantenduz, sakontasuna eta sentimenduen sustraiak bilatu nahian, baina aldi berean bide berriak proposatuz eta esperimentatuz.

Hamaika kantuz dator lan berria eta bikoaren esanetan, “oso proiektu pertsonala” bilakatu da, izan ere, Lahaineren hitzek Hawaiiano Kid-en doinuekin bat egiten dute, modu honetan, “sormenaren ohikunea suposatzen duen disko honetarako atmosfera aproposa sortu da”.

Rap estilotik abiatuz, diskoak biltzen dituen kantetan spoken word, down tempo, soul eta jazz-a ere entzun daitezke. “Xamanen ohikune hau lurraren soinua eta lokatzarekin kontaktua bilatzen duten belarriak asetzera bideratuta dago”, adierazi dute.

Diskoaren grabazio prozesua Gorka Gomezek egin zuen uztailean, Barakaldoko Hala Dzipo musika eskolan. Bertan, Birthmark Bart and Rainy Movie Mondays, Etchecoy & Likkle George, Eider Zenarruzabeitia, Charles Cooper Chop, Dj Law eta 121 Krew eta Norte Apache taldeetako kide eta musikariek ere parte hartu zuten.

Lana borobiltzeko, Hawaiiano Kid-ek nahasketaz eta masterizazioaz arduratu da eta Martz artista plastikoak diskoaren kontzeptua artwork-era eraman du.

Xamanak diskoa dohainik deskargatu daiteke. Horretaz gain, berrehun ale jarri dituzte salgai binilo formatuan. Guzti hau Taupaka elkartearen laguntzarekin eta Sua Industry-ren kolaborazioarekin.

Zabaldu: