(argazkia: Ene Kantak)

Ene Kantak ekimenak ‘Bisonte mastodontearen bila’ diskoa kaleratu du

Diskoaz gain, liburu batek eta ikuskizun berri batek osatzen dute proiektua. Datorren larunbatean estreinatuko dute emanaldia, Atarrabiako kultur etxean.

Bisonte mastodontearen bila izeneko proiektu berria Ene Kantak egitasmoko pertsonaien abentura berri bat da eta Aralarren gertatzen da: bertan, euskaraz abestu, bizi eta irakurriko dute.

Honetan, Astonauta, Satorjator eta bere lagunek Historiaurrera bidaiatuko dute, non genero berdintasuna, inguruaren ezagutzaren balioa, naturaren baliabideak, auzolanaren abantailak edota naturaren zaintza eta errespetua ikusiko diren.

Hamalau abestiz osatutako diskoa

Abesti berriak USB Digipack euskarrian daude jada, baita plataforma digital guztietan ere. USB euskarria Ene Kantaken webgunean dago salgai. Kanten bideoklipez gain, abestien audioak mp3-n zein wav-en daude eskuragarri. Horrez gain, 25 minutuko bideo bat ere badago. Azken bideo honek diskoaren lehen bost kantuen bideoklipak jasotzen ditu, baina bideoklip bakoitzaren hasieran esketx bat dago: Ene Kantakeko pertsonaiek lehen gizakiak ezagutzen dituzte bertan, eta bisonte mastodontearen bila ibiliko dira. “Digipack-ak oso USB berezia gordetzen du: hezur itxura duen USBa, hain zuzen, beti egin izan dugun letra-liburuxkarekin batera, noski”.

Abesti guztiak Nerea Urbizuk egin ditu, eta Gartxot Unsain, Tom Lizarazu (Bulego), Claudia Rodriguez (Goxua´n salsa), Kike Amonarriz, Aitor Garcia, Iñigo Aranbarri, Odei Barroso, Nahia Sillero, Beñat Gaztelumendi eta Lur Errekondo izan dira oraingoan parte hartu dutenak.

Ikuskizuna, berriz, larunbatean estreinatuko dute, Txantreako erraldoi eta buruhandien konpartsarekin batera, Atarrabiako kultur etxean ariko dira, 16:30ean eta 18:30ean.

Estreinaldirako sarrerak agortuta daude jada, baina abenduan zehar Bilboko Euskalduna jauregia (bi saio), Gasteizko Mendizorrotza kiroldegia (bi saio), Donostiako Victoria Eugenia (lau saio) eta Iruñeko Baluarte (bi saio) bisitatuko dituzte. Tafalla, Tolosa, Getxo, Zalla, Irun, Barakaldo edota Amurriora ere etorriko dira… Informazio gehiago: https://enekantak.org/agenda

Azkenik, Nerea Urbizuk idatzi eta Mikel Santos Belatz-ek ilustratutako liburuak azaroaren 5ean ikusiko du argia. Liburua ikuskizunaren gidoiaren eta diskoaren hainbat abestiren oinarria izan da. “Historiaurrea oso gai erakargarria da gure txikientzat, eta eduki oso interesgarri zein aberasgarri landu daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna