Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko graduko irakasleek 8.000 euroko diru laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango dute lana egiteko.
Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan proiektuari esker irabazi dute Martin Ugalde beka Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko graduko irakasleek.
Aurtengo deialdian, gai hau lantzeko proposamena egin zitzaien parte hartzaileei: Euskal Herria euskal hedabideetan. Euskal hedabideek nola irudikatzen dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen da? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?. Bidegain, Larrañaga eta Maguregiren proiektuak 8.000 euroko diru laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du gaia lantzeko.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Martin Anso Elkarreko editoreak, Larraitz Ariznabarreta Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Irene Arrarats Berriako zuzentzaile taldeko arduradunak eta Beatriz Zabalondo EHUko irakaslea eta Berriako Administrazio Kontseiluko lehendakariak.
Berria fundazioak, Martin Ugalde kultur parkeak, Elkar Fundazioak eta Jakin fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.