(argazkia: Kultur Sharea)

Eneko Bidegain idazleak irabazi du iazko 111 Akademiaren Saria

Gaztelu bat da thriller politiko honen ardatza, gazteluan bertan dagoen proiektu turistiko handi bat, eta aldi berean, gaztelu horrek dauzkan sekretuak.

111 Akademiak Eneko Bidegaini (Baiona, 1975) emango dio 2023ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Bidegainen Bichta éder eleberria izendatu dute 2023ko libururik gogokoen. 218 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 123k parte hartu dute 2023ko sariduna izendatzeko 2024ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Bidegainen lanak Karmele Jaioren Maitasun kapitala nobela izan du lehiakide azken bueltan. Bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte.

111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du ekainaren hasieran.

Bichta éder

Gaztelu bat da thriller politiko honen ardatza, “gazteluan bertan dagoen proiektu turistiko handi bat, eta aldi berean, gaztelu horrek dauzkan sekretuak”, zehaztu du egileak. Izan ere, Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen gaztelu horren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma ahantzia eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia.

Eñaut Oihenart da eleberri honen protagonista, Gaur kazetan ari da lanean, urteetan Euskal Herritik kanpo egon ondoren. Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori. Hala, “itxuraz ederra den proiektu batek azpian zer nolako zikinkeria gordetzen duen azaleratuko da”, azaldu du idazleak.

Bichta éder liburuaren izenburua izateaz gain, eleberrian azaltzen den proiektu turistiko horren izena ere bada. Bidegainek kontatu duenez, “Lapurdin euskarazko izen asko ematen dira frantsesez ortografiatuta, euskararen erabateko zapalkuntzatik dator hori eta euskara oso egoera txarrean utzi ondoren”. Idazleak “apropiazio kultural” gisa ere ezagutzen dena dela dio.

Nobelak gai asko ukitzen ditu eta pertsonaietan edota gaztelu horretan konstante bat dagoela dio egileak, “kanpora begira irudi bat erakusten dugu, gehiengoaren arabera komeni dena, nahiz eta gure benetako izaera beste bat den. Askotan uko egiten diogu gure benetako izaerari, nortasunari komenientzien arabera erakutsi nahi dugun irudi eder horri men eginez, eta horretarako da baita ere Bichta éder izena”.

Liburua thriller politiko bat izateaz gain, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere bada: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak edota euskararen patua.

Zabaldu: