Hegal egiten eleberriak 2026ko udazkenean ikusiko du argia.
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak Gazteluma literatura saria sortu zuten 2000. urtean, Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko eta beren obrak argitaratu ahal izateko. 2021ean literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela ikusi zuten eta EKE-Elkar literatura beka sortu zuten.
Gazteluma bezala, oraingo beka ere bi urtean behin antolatzen da eta euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzenduta dago. Adinaren irizpidea, berriz, desagertu da. EKE-Elkar literatura beka honen beste ezaugarri nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberri edo ipuin bildumara mugatu ordez, bi antolatzaileek nahiago dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat.
Lehenengo edizioan, Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak komiki proiektuak irabazi zuen, bigarrenean, berriz, Idoia Rodriguez Mondragonek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki zuten. Oraingoan Eneko Bidegainen Hegal egiten izeneko proposamena aukeratu du Elise Diletek, Maddi Ane Txoperenak eta Castillo Suarezek osatutako epaimahaiak.
Aurtengo deialdirako hautatutako literatura generoa helduentzako narrazioa izan da eta epaimahaiak azpimarratu duenez, kalitate handiko proposamenak aurkeztu dituzte.
Epaimahaia lau irizpide zehatzetan oinarritu da hautaketa egiterako orduan: Narrazioaren kalitatea; euskara maila; gaiaren erakargarritasuna; eta aurkezpen orokorra.
Hegal egiten eleberriak egiazki gertatu den istorio batean oinarritzen da: 1986ko abenduaren 13an, Iparretarrak (IK) erakundeko bi kidek ihes egin zuten Paueko presondegitik, dozena bat laguneko komando baten laguntzarekin. Eleberriko protagonista nagusia ihes egin zuen Maddi Hegi izango da, zeina sei hilabete geroago hil baitzen, polizia hura atxilotzen saiatu zenean. Militante baten ibilbidea eta ihesaldi berezia kontatuz, Iparretarraken ikuspegitik irudikatutako euskal gatazkaren kontakizun bat da ere, borroka armatuan emazteek ukan duten lekua argitan emanez. Dokumentazio lan handi bati esker fikzioa eta errealitatea nahasiko dira.
Bidegainen eleberriak 2026ko udazkenean ikusiko du argia.