(argazkia: Huhezinema)

‘Eraman Zutela’ film laburrak irabazi du Sail Ofizialeko Huhezinema saria

Sail ofizialarekin eman zioten amaiera 19. Huhezinema jaialdiari ostiralean. Antolatzaileen esanetan, “Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiak bere hegoak guztiz zabaldu ditu Aretxabaletan, hiru eguneko festa zinematografikoari amaiera indartsu eta jendetsua emanez”.

Aurten, jaialdiak apustu ausarta egin du bere egituran, espazioak eta edukiak berrituz eta unibertsitateko bizitza herriarekin estuago lotuz. “Lehenengo aldia da goizetako masterclass eta solasaldiak Ideienean egiten ditugula, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean kokatutako berrikuntza eta sormen gunean”, adierazi dute.

Hirugarren eta azken jardunaldiak egitarau bete-betea eskaini zuen ostiralean. “Goizeko 11:00etan, Podcast gela martxan egon zen berriro ere Goienako kideekin elkarlanean. Saioan Etxaun Arregi eta Itziar Manero izan ziren, eta Itziar Ituñok ere parte hartu zuen telefono bidez. Zinemak gizarte eraldaketan izan dezakeen eragina izan zuten hizpide, etorkizuneko komunikatzaileei bide berriak erakusteko helburuarekin. Audioaren eta soinu-ingurunearen munduarekin jarraituz, eguerdian Dolby Atmos saioa izan zuten, soinu espazialaren esperientzia”, azaldu dute.

Sail Ofiziala eta sari banaketa

Arkupe aretoan abiatu zen arratsaldeko programa, Sail Ofizialeko proiekzioekin eta sari banaketarekin. “Aretoa leporaino bete zen, eta publikoaren parte-hartzea bikaina izan zen, maila handiko lanak ikusteko aukera eskainiz.

Ondoren, sari banaketa heldu zen, “banan-banan, irabazleek garaikurrak jaso zituzten, aretoko emozioa eta zirrara gorenera eramanez. Saritutako zuzendariek Huhezinemak eskaintzen dien ikusgarritasuna eta bultzada eskertu zuten, jaialdiak sortzaile berriekin eta ikus-entzunezkoen arloko profesionalekin duen konpromisoa berretsiz.

Antolatzaileek balorazio “oso positiboarekin”, amaiera eman zioetn aurtengo edizioari.

Sail Ofiziala:

  • Huhezinema saria: Eraman Zutela, Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdi (650 euro eta Hazi saskia)
  • Ikusle saria: Eraman Zutela, Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdi (Arteaga jatetxean bi lagunentzako jatordua)

Ikasle Saila:

  • Ikasle saria: Zeharkatzen gaituena, Eire Maia (300 euro eta Hazi saskia)
  • Ikusle saria: GR 31, Ainhize Landa (Carros Cingarosen bi lagunentzako gau bat)
  • MU ikasle lan onenari saria: Harrigorena, Aner Olaizola (200 euro eta Hazi saskia)

Bideoklip Saila: 

  • Bideoklip saria: Emoie, Ximon Agirre eta Alex Perez (300 euro eta Hazi saskia)
  • Ikusle saria: Saiatu, Danel Ezpeleta eta Aner Olaizola (Txikipolit pentsioan bi lagunentzako gaua eta gosaria)

Sari bereziak

  • Berria saria: Ultramarino, Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti (350€, 6 hilabeterako harpidetza eta Berriako produktuak)
  • Hogei4 saria: Dicen que tu padre, Aitor Abio (1.500€-tan baloratutako kamera ekipamendua eta proiekturako aholkularitza teknikoa)
Zabaldu:

Utzi erantzuna