Abuztuaren 12tik 20ra bitartean izango da aurtengo Donostiako Aste Nagusia eta Piratek egitaraua aurkeztu dute jada. Iaz berreskuratutako eredua errepikatu nahi dute aurten ere eta horretarako zortzi eguneko egitaraua prestatu dute. Mugimenduaren ikur bilakatu duten abordatzea edota Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nøgen, Esne Beltza eta Delirium Tremens talde eta bakarlarien zuzenekoak jasotzen ditu egitarauak, besteak beste.
Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusia aurkeztu eta honen ezaugarriak aletu dituzte gaur, Donostiako Kaian egin duten agerraldian.
Abuztuaren 12tik 20ra bitartean egingo da 2023ko Aste Nagusia eta bertan elkartuko direla azpimarratu nahi izan dute, “hainbeste maite dugun auzolana oinarri, jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde boga egiten dugun kofradiakideak, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen dugun gainerako kideak eta boluntarioak egongo gara. Badugulako zer ospatu, badugulako zer aldatu. Urtero bezala, gurekin batera izango ditugu Ezkila Kapitaina eta Matti laguntzailea”.
Aurten ere, Mattik aldarri bat eramango du besapean, “gure baloreekin bat datorren lana egiten duen mugimendu, elkarte edo talde batek ordezkatuta”, adierazi dute. Martuteneko auzo elkartea, etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, abortu eskubidearen aldeko mugimendua, errefuxiatuak, Altsasuko Gurasoak, merkatari txikiak, Naizen elkartea edota Euskal Herriko Bilgune Feminista dira, besteak beste, urteotan jaiak Piratekin ospatzen aritu diren eragileak.
2023an, berriz, itsaso berriak nabigatzera doazela iragarri dute eta, hala, Zaporeak elkarteko lagunak batuko zaizkie festara. “Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea; egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Haientzat gure begirunea eta aitortza”.
Zortzi eguneko egitaraua
Iaz berreskuratutako eredua errepikatu nahi dute aurten ere eta horretarako zortzi eguneko egitaraua prestatu dute. “Egunean zehar askotariko ekintzak izango ditugu Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak… Ez da faltako, noski, mugimenduaren ikur bilakatu dugun abordatzea. Hilaren 14an, baltsak uretara bota eta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu”. Parte-hartzeari dagokionez, abuztuaren 1ean zabalduko dute izen-ematea.
Diotenez, haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: ur-jolasak, jockey tailerra eta abordatze txikia.
Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza orotarikoa ere nabarmendu nahi izan dute Piratek. Urtero egin ohi duten bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dute: “Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Iratzar erromeria; Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nøgen, Herenegun, Sua edo Janus Lester musikarien ahots gazteak; Esne Beltza, Delirium Tremens edota Niña Coyote eta Chico Tornado talde beteranoen ikuskizunak; Kilimaren runba goxoa; edota Ezpalak, La Excavadora eta XSakararen doinu gogorragoak”.
Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, “eskaintza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez”. Besteak beste, Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera edo Alarma Morea taldeak igaroko dira bertatik.
Beldurraren aurrean, jaiak, elkarzaintza eta feminismoa
Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan da, eta aurreko urtean hartutako lan-ildoetan sakontzen jarraitzeko lanean ari dira. “Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horien aurrean erantzuteko prest gaude. Bide horretan, kaigunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dugu gurean eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio”.
Izan ere, kontziente dira artatzeak pertsona profesionalek egin behar dituztela eta horregatik, Udalak, Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du behar duenari lehen arreta emateko. Gainera, aurten, udalarekin egindako elkarlanaren ondorio, gune horren ordutegia zabalagoa izatea lortu da. Zehazki, egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13:00etatik goizeko 10:00ak arte. Hala ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi ikusten dute ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean zentratzea, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaera berretsi dute. “Piratok gure jai gunean gertatzen diren eraso anitzetan begirada fintzen jarraitzen dugu eta, norabide horretan gure protokoloetan sakontzen jarraitu dugu”.
Horrekin lotuta, aurten, erasoen aurkako Barne Mailako Protokoloa landu dute, Piraten barne egituretan arreta jarri eta harremanak zaintzeko, harreman horietan gertatu daitezkeen erasoekin lanketa berezia eginez. Halaber, erasorik gabeko jai guneak bermatzeko lanean dabiltzanez, Pirata guztiek erasoen gaineko formakuntza jasoko dutela nabarmendu dute.
Azkenik, aitortu nahi izan dute, “aurreikuspenak egitea zaila bada ere, zoritxarrez, erasoak egongo direla espero dugula. Horregatik, abuztuaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, horiek salatzeko egingo dugun salaketa-ekimenean parte-hartzera dei egiten dizuegu. Erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean egongo garelako, eta hauei aurre egitea denon ardura delako”.