(argazkia: Tabakalera)

Eremuak 24 Jardunaldiak urriaren 25ean eta 26an egingo dira, Tabakaleran

Helburua da artea publikoki gerta dadin, gauzatzen diren harreman konplexuen eta kanal ezberdinen berri ematea. Sarrera doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte.

Erakusketa-egintza izango da aurtengo Eremuak jardunaldien ardatza, eta prozesu horretan inplikaturiko eragile guztiak. Hala, E(s\x)oterismoak plazara heldu jardunaldiak proposatu dituzte, topagune gisa artista, bitartekari eta komisarioentzat. Helburua da artea publikoki gerta dadin, gauzatzen diren harreman konplexuen eta kanal ezberdinen berri ematea.

Antolatzaileen esanetan, “mugak lekualdatu nahi edo ohiko erakusketa-espazioan deseroso dauden arte-jarduteak nabarmendu eta harremanetan jarri nahi izan ditugu; hau da, arte-sistemaren barruan egoteak edo ezarrita dagoenaren mugarekin jokatuz, aipatua tenkatuz edo alboan utziz lan egiteak zer suposatzen duen”.

Berritasun gisa, espazio berri bat aurkeztuko dute jardunaldien barruan: Film Material, ikus-entzunezko proposamenak aurkezteko komisario-espazioa. Komisariotza txandakakoa izango da. Aurten, Manuel Cirauquik abiatuko du ziklo hau.

Ane Berganza, Mariano Mayer eta Isabel de Naveran, Haiek (Ion Arregi eta Martín Ferran), Sergio Prego, Inazio Escudero, Pedro G. Romero, Kinu#11+1 (Leire Lacunza, Imanol Exposito, Paula Guerrero), Elbis Rever, Mirari Echavarri, Oriol Fontdevila, Mattin, Iñigo Villafranca, DAS (Joel Englund, Camila Tellez, Myriam Rzm) eta Cirauqui bera dira parte hartuko duten artista guztiak.

Eremuak programaren batzorde teknikoak kontzeptualizatu eta diseinatu ditu jardunaldiak: Leire Muñoz, Iñaki Garmendia eta Raul Dominguezek.

Aurrekoaz gain, azken urtean eremuak programaren babesa izan duten proiektuetako zenbait aurkeztuko dira ere Jardunaldietan. Horietan artean dago YVM-High Desert Egonaldia (CA, AEB), esaterako.

Eremuak#11 aldizkaria

Jardunaldietan zehar, halaber, Eremuak#11 aldizkaria aurkeztuko da, 2013. urtetik aurrera urtero eta doan argitaratzen den aldizkariaren hamabigarren alea.

Aldizkariak, aurtengo jardunaldiek bezalaxe, erakusketa-egintzaren gaia aztertuko du. Arte-testuinguruan presente dauden eta lanaren erakusketa publikoaren inguruko modelo ezberdinak ezbaian jarri dituzten (eztabaida bizirik mantenduz) artista eta eragileen ekarpenak jasotzen ditu.

Aldizkarian parte hartu duten artistak dira Andrea Rodrigo eta Bulegoa z/b, Aimar Arriola, Miguel A. Garcia eta Enrike Hurtado, Atoi (Ainara Elgoibar-Usue Arrieta) eta Paula Guerrero, 101 kolektiboa, Pierre Bal Blanc eta Mattin, Antonio Menchen, Estefana Roman, Leire Lacunza, Beatriz Olabarrieta, Mikel Pejenaute eta Manuel Cirauqui.

Aurrekoetan bezala, programa osoaz gain, arte-bitartekaritza, -erakusketa eta -dibulgazio garaikiderako espazio berriak aktibatzea xede duen Harriak ekimenak sorturiko jarduketa ere eremuak#11 aldizkarian jaso da. Ekimena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultura aretoetan zabaltzen da, 2016. urteaz geroztik arterik berriena bultzatzea xede duten arte-proiektuak garatzen dituzten artista eta bitartekarien partaidetzarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna