Bihar, azaroak, 6, izango da filmaren estreinaldia Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Zer gertatuko litzateke txikitako lagun batzuk, hogeita hamar urte pasata dituztenean, landetxe batean bildu eta elkarri sekula esan ez dizkiotenak esaten hasiko balira? Premisa horretatik abiatuta sortu zuen Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981) aktore eta gidoilariak Erlauntza izeneko antzezlana duela bi urte. “Nire adinaren bueltan dabilen jendeari zer gertatzen zaion kontatu nahi nuen”, azaldu du. Han eta hemen arrakasta handiz antzezten aritu ostea, pantaila handira jauzi egingo du obrak orain. Mireia Gabilondok zuzendu du filma eta bihar, azaroak 6, estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Filma egiteko ideia antzezlana estreinatu eta gutxira otu zitzaion lantaldeari. Hala, Erraztik eta Gabilondok testua zinemarako egokitzeari ekin zioten. Hasiera batean, finantzaketa arazoak izan zituztela aitortu dute eta proiektua alde batera utzi behar izan zuten, itxialdia heldu zen arte. Une hartantxe erabaki zuten proiektuari beste aukera bat ematea. Uztailean egin zituzten filmaketa lanak lantaldeko arte zuzendari Ana Turrillasek Gamiz-Fikan duen landetxean. Hiru astez jardun zuten bertan.
Erlauntza komedia garratza da. “Oso obra eroa da, baina era berean garraztasun pixka bat eta drama puntu bat ere baditu, eta horrekin jendea oso identifikatuta sentitu da”, dio Errastik. Egilearen ustez, “komedia baten alde interesgarriena muga horretan ibiltzea da”, hau da, barrea eragitea, baina era berean jendea ohartzea bertan esaten ari dena egia dela. Gidoilaria hunkituta azaldu da bere burutik ateratzen den zerbait antzerki eta orain film bilakatu delako.
Pelikulan oholtza gainean aritu den aktore talde bera ikusi ahal izango dugu: Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz. Errastik emakumeak soilik protagonista izango zituen obra bat sortu nahi zuen eta modu naturalean egin bazuen ere, gogoetarako aukera ere eman dio: “Desfase handia dago denbora osoan; sei emakume desfasean eta gauzak elkarri leporatzen ikusi ahal izatea ez da ohikoa”.
Atzo egin zuten filmaren aurkezpena Donostian eta, bertan, filma ikustera joateko deia egin zuen lantaldeak, zinema segurua dela aldarrikatuz.