Oinarri erritmiko indartsua duten kantuak bildu dituzte lan berrian, gitarren presentzia handiarekin batera. Kantuetan nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak eta baita pop, stoner, garage edo sikodelia zantzu batzuk ere.
Keia laukoteak bere lehen lan luzea argitaratu du Erregaia izenpean. Taldekideen hitzetan, “Keia edo kea bada nonbaiten sua dagoenaren seinale. Askotan gure barruan ditugun su edo suteak identifikatzea edo izendatzea kostatu egiten zaigu, baina kea beti azaleratzen da. Gure barruko su ezberdinen keia dira kantuak eta Erregaiarekin su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz”.
Ane Arruti abeslari eta gitarrajole zarauztarrak idatzi ditu kantu gehienak eta Egoitz Olalde (bateria), Iñigo Ibarrondo (baxua) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra) musikariekin batera sortu du talde berria. Ibilbide luzeko musikariak dira denak, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao eta Amonal taldeetan ibilitakoak.
Hitzei dagokienez, diskoak biltzen dituen hamar kantuetatik zortzi Arrutik idatzitakoak dira eta gainerako biak Jon Garmendia Txuriyarenak: (H)ura gara idazle hernaniarraren txio bat izan zen, eta Lehengo udak hobeak ziren, berriz, 2013ko udan Gara egunkarian argitaratutako iritzi-zutabe bat. “Lehengo udak hobeak zirela dio kantuak, gehiago gozatzen genuela, baina bere buruari galdetzen dio ea une horretan horretaz konturatzen ote ginen edo orain konturatzen garen. Bitxia bada ere, beste zentzu bat hartu du. Orain pandemiaren erdian idatzitako hitzak dirudite”, dio abeslari zarauztarrak.
Taldeak azaldu duenez, oinarri erritmiko indartsua duten kantuak bildu dituzte lan berrian, gitarren presentzia handiarekin batera. Rocka lantzen dute zentzu zabalean; kantuetan nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak eta baita pop, stoner, garage edo sikodelia zantzu batzuk ere.
Diskoa Iñigo Irazokiren Atala Estudioan (Bera) grabatu zuten iazko azaroan eta abenduan, modu analogikoan, 24 kanaleko zintazko grabagailu batekin. Lehenengo bi egunetan abesti guztien oinarriak grabatu zituzten, lau taldekideak areto berean batera jotzen. Ondorengo egunetan, ahotsak, perkusioak eta gitarra-soloak gehitu zituzten. Nahasketak Irazokik berak egin ditu, eta aurtengo urtarrilean, Jonan Ordorikak masterizatu du diskoa Azkarateko Mamia estudioan.
Leiak larunbatean du diskoaren aurkezpen kontzertua Oñatiko Antixenako gaztetxean. Otsailaren 18an, berriz, Zarauzko Modelo aretoan izango dira. Martxorako ere bi kontzertu dituzte lotuta jada, Orion eta Getarian.