Metrokoadrokaren 'Artxibo biluzia' antzezlana

‘Errege Begibakarra’, ‘Postdatarik gabeko gutunak’, ‘Artxibo biluzia’ eta ‘Olagarrua’ taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Antzerki zikloa urriaren 16tik azaroaren 6ra egingo da. Sarrerak salgai daude jada.

Antzerki Aroaren beste edizio bati emango diote hasiera urriaren 16an, Iruñean. Orotara lau antzezlan taularatuko dira azaroaren 6ra bitartean eta berritasun gisa. Asteazken bakoitzean bana, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 19:00etan. Antzezpenetarako sarrerak salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 33. zenbakian) eta webgunean.

Zikloa, beraz, urriaren 16an abiatuko da Inextremis konpainiaren Errege begibakarra antzezlanarekin. Talde nafarraren hirugarren lan eszeniko hau Tanttaka Teatro konpainia gipuzkoarrarekin batera ekoitzi dute. Fernando Bernuesek zuzenduko du Marc Crehuet antzerkigile katalanaren testuan oinarritutako lana.

Lidiak eta Sandrak denbora luzea daramate elkar ikusi gabe eta beren bikotekideak ezagutzeko afari bat antolatzea erabaki dute. David istiluen aurkako polizia bat da, Ignacio, berriz, manifestazio batean gomazko bola baten ondorioz begi bat galdu zuen dokumentalista soziala. Hori guztia presente dagoen politikari baten diskurtsoek girotuta.

Bigarren proposamena urriaren 23an helduko da: Postdatarik gabeko gutunak. Kepa Errastik idatzitako bakarrizketa partekatu bat da, Xake Produkzioak ekoiztetxearen eskutik. Mikelek 5 urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko: Ordubete hori pertsona ezezagun bati eskainiko dio.

Azken hilabeteotan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu, bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik, eta eskutitz guztiek ezaugarri bera dute: postdata joan beharko lukeen tokia hutsik dago. Mikelek bere bizitzaren errepasoa egiteko aprobetxatuko du ordu hori; jaso dituen gutun guztiak gogoratuko ditu Charlotez jantzitako emakume pianista mutu bat ondoan duela, gutun misteriotsu horien igorlea nor den jakin arte.

Hirugarren emanaldian, urriaren 30ean, Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzendutako Artxibo biluzia obraren txanda izango da, Metrokoadroka konpainiaren eskutik. Idoia Beratarbide da ikerketaren zuzendari artistikoa. Artxibo biluzia hitzaldi performatiboa, antzerki dokumentala eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da. Agertokian, Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak ikusleekin hartu-emanean ariko dira, eta ikerketa bat abiaraziko dute dokumentu bat ekintza fisikorako pizgarri izan daitekeela erakusteko.

Azaroaren 6an, Antzerki Aroak eta Ttipiak antzeztutako Olagarroa obrarekin itxiko da zikloa. Herri bateko hiru emakume (Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola antzezleak) eta olagarro bat dira antzezlanaren ardatza, eta helburu bakarra dute: gorputzetik, plazeretik eta fantasiatik datozkigun erruak, txikiak eta handiak, astintzea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna