(argazkia: Errenteriako Udala)

Errenteriako Eskola Feministaren udaberriko programazioa prest da

Martxotik aurrera, autodefentsa feminista, etxerako oinarrizko brikolajea eta klimaterioari buruzko laborategiak, besteak beste, izango dira.

Errenteriako Udalak Eskola Feministak martxotik ekainera bitartean izango duen programazioa aurkeztu du. 2025eko urrian, Eskola Feministaren hamahirugarren edizioa jarri zen abian, eta 152 izen-emate egin ziren guztira lau laborategi, hiru elkargune eta lau saregunetan. Ikasturte honetan, Eskola Feminista hiru espazio motatan antolatu da: laborategiak, norbanakoaren, kolektiboaren, sozialaren eta politikoaren ahalduntzerako beharrezkoak diren testuinguruak aktibatu, eraldatu eta sortzeko; elkarguneak, behar espezifikoak dituzten emakumeen kolektiboen ahalduntzea bultzatzeko; eta sareguneak, zeinetan elkarteek ahalduntzea eta parte-hartzea feminismotik bultzatzen duten.

Udaberri honetarako, berriz, Eskola Feministaren eskaintza handitu egin da, askotariko gaiak dituzten zazpi laborategi eskaintzearen aldeko apustua eginez. Gainera, hiru elkarguneak mantendu dira eta sareguneetako proposamenak bostera igo dira.

Hauek dira udaberri honetan eskainiko diren zazpi laborategiak: Zure etxerako oinarrizko brikolajea; Autodefentsa feminista (hastapena); Filo-feministak: Filosofo Errepublikarrak Erbestean etxea bila; Automaitasuna eta ahalduntzea aldaketa kolektibo baterako; Autokontzeptua eta autoestimua sendatzea Iruzurtiaren Sindromeari aurre egiteko; Twerk (Booty Dance) laborategia; eta Klimaterioa: bizi-etapa berri bat.

Euskaraz ematen diren laborategiak Belarriprest programaren barruan antolatuko dira, ikasleak euskaraz hitz egitera animatzeko, nahiz eta maila baxua izan. Gainera, zazpi laborategietatik lautan, 16 eta 25 urte bitarteko gazteek lehentasuna izango dute plaza bat lortzeko.

Era berean, honako hauek dira martxan jarraitzen duten eta izen ematea ikasturtean zehar irekita dauden hiru elkarguneak: Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea; Emakume zaintzaileentzako elkargunea; eta Taldeko ahalduntzerako elkargunea.

Azkenik, hauek dira elkarteek proposatutako bost tailerrak Saregunean: Tautandra batukada feminista elkartea: Batukada feminista ikastaroa; Mara Mara elkartea: Tratu oneko harremanak. Norbera maitatzea eta zaintzea, bizi-proiektu gisa; Emanbira kultur elkartea: Emagune. Jatorri anitzetako emakumeen topaketa gorputzaren bidez; eta ‍Amalatz Elkartea: ‍Munduko emakumeen literatura tailerra eta Kantu feminista tailerra.

Informazioa eta izena emateko moduak

Egitaraua eta espazio bakoitzean izena emateko xehetasunak liburuxkan, Emakumeen Etxean eta udal webgunean egongo dira eskuragarri. Jarduera guztiak doakoak dira eta Emakumeen Etxean eskaintzen dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna