(argazkia: Hernaniko Udala)

Erresistentziak erdigunera ekartzeko asmoz Hariak zinemaldia antolatu dute Hernanin

Hiru gai nagusiren inguruan ardaztuko dira aurtengo dokumentalak: trantsizio ekologikoa, gerrak eta migrazioak. Nobedadeen artean, pertsona gorrentzat egokitutako dokumental bat proiektatuko da, zeinu hizkuntzan. 

Hariak zinema jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu du Hernaniko Udalak munduko egoerak ezagutarazi eta gugan duten eraginaz hausnartzeko asmoz. Azaroaren 6tik 16ra bitartean izango da zinemaldia eta dokumental emanaldiak eta haien inguruko solasaldiak izango dira, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28).

Zinemaldia bere tokia egiten ari da eta dagoeneko askorentzat galdu ezin den hitzordua bilakatu da. “Aurreko urteetan bezain erantzun ona espero dugu”, adierazi du Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak, “nahiz eta jende berria gerturatzea ere nahi dugun”.

Trantsizio ekologikoa, gerrak eta migrazioak

Hiru gai nagusiren inguruan ardaztuko dira aurtengo dokumentalak eta ondorengo solasaldiak, punta-puntako gonbidatuekin: trantsizio ekologikoa; gerrak eta migrazioa. “Horien artean dauden hariak ikusarazi nahi ditugu”, adierazi du Lekuonak.

Hariak zinemaldiko koordinatzaile Su Hernandezek, hala ere, gaineratu du “bestelako gaiek ere lekua” izango dutela zinemaldian. Horien artean, aniztasun funtzionala eta emakumeen kontrako indarkeria aipatu ditu.

Gainera, Palestinaz hizketan jarraituko dute, baina ez da salatuko duten genozidio bakarra izango. Kongon gertatzen ari den genozidioaz ere arituko gara, eta horretarako Nicole Ndogala ekintzailea etorriko da”, nabarmendu du Hernandezek.

Azkenik, Sol Band musika talde palestinarrak parte hartuko du zinemaldiaren aurtengo itxiera ekitaldian.

Aurtengo nobedadeak

Ohi bezala, ostegunetik igandera izango dira emanaldiak. Asteburuetan, gainera, goizez eta arratsaldez. Saio guztiak dohainik izango dira. Guztira, 13 dokumental emango dira: hiru labur eta bederatzi luze. Aurten, gainera, “lehenengo aldiz emango dugu pertsona gorrentzat egokitutako dokumental bat, zeinu hizkuntzan”. Beste nobedadea, lehenengoz helduentzako animaziozko film-dokumental bat emango dela izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna