‘Erroa eta geroa’ dokumentala aurkeztuko dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean azaroaren 11n

Lurrari lotutako eta hurbileko nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra landu izan duten edota lantzen duten emakumeak dira dokumental honetako protagonistak.

“Zer diote emakume baserritarrek? Non daude? Ezagutzen ditugu euren bizipenak, kezkak, iritziak…?” Erroa eta geroa dokumentalak Euskal Herriko leku oso desberdinetako emakume baserritarren ahotsak jaso ditu. Gazteenak 30 urte bueltan dabiltza, nagusienak 90etik gora. Azaroaren 11n, asteazkena, aurkeztuko dute dokumentala Gasteizko Oihaneder euskararen Etxean, arratsaldeko 19:00etan.

Nekazaritza lanak lehen eta orain, generoaren araberako lan banaketa, kontsumo ohiturak, ekoizpen ereduak, nekazaritzaren transmisioaren etena, emakume baserritarren eskubideak, errenta duina izateko borroka, erreleboa… Hainbat bizipen eta korapilo, hainbat kezka eta galdera, emakume baserritarren ahotik, erroa jasoz eta geroa irudikatu nahirik.

“Elkarren zaintzaren eta lur planetaren zaintza beharra inoiz baino ageriago geratu zaizkigu pandemia garaiotan”. Lurrari lotutako eta hurbileko nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra landu izan duten edota lantzen duten emakumeak dira, hain zuzen ere, dokumental honetako protagonistak. “Jarduera honek etena eta agroindustriaren eraso eta akaparamendu bortitza jasan ditu. Eta, hala ere, emakumeei esker iraun du eta bizitzari eutsi diote”.

Dokumentalaren grabaketa lanak 2018ko udan egin zituzten; lana bera 2019ko udazkenean amaitu zuten eta hainbat herri eta auzotan aurkezten dabiltza.

Zabaldu: