Victoria Eugenia antzokian izango da emanaldia, arratsaldeko 19:00etan. Hitzorduak belaunaldi askorentzat erreferente izan den taldeari agur bero eta duina emateko aukera emango du.
Errobi taldeak ibilbideari amaiera emateko kontzertu berezi bat eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia antzokian, datorren abenduaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldiak taldearen ibilbide oparoari omenaldi hunkigarria egingo dio, entzuleekin azken aldiz elkartuz oholtza gainean.
Hala, errepertorioko une esanguratsuenak errepasatuko ditu, hasierako urteetatik 80. hamarkadako diskoetara. Mauka diskoetxeak azaldu duenez, “hitz eta doinuz jositako ibilbide aberats baten isla izango da gaua, eta aukera paregabea taldearen historia eta ekarpena gogora ekartzeko”.
Maukaren arabera, “hitzordu honek belaunaldi askorentzat erreferente izan den taldeari agur bero eta duina emateko aukera emango digu”.
Euskarazko lehen rock diskoa
Rockarena ez ezik, euskal kantagintzaren izen mitikoa da Errobi. Duhaldek eta Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean.
Euskal tradizioaren melodiari atxikiz, atzerritik heldutako doinu berrien harmoniak bereganatu zituen taldeak, Euskal Herriaren arazo kulturalaz eta politikoaz arduratutako hitzekin lagunduta. Ez zuen luze iraun, baina arrasto sakona utzi duten bost disko laga zituen ondare gisa. Errobi desegin eta gero, nork bere bidea musikari lotua egin dute Duhaldek eta Ducauk.
Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk lizeoan elkar ezagutu zuten, baina 1973an disko denda batean topo egin eta musikaz hitz egiten hasi ziren. Gustuetan bat zetozela ohartuta, elkarrekin talde bat egiteko asmoa agertu zuten. Garai hartan, Pabe aldeko Bacchanales taldean ari zen Ducau, eta Duhaldek bateria jotzen zuen El Fuego plaza taldean. Luze gabe, El Fuegon abesten eta gitarra jotzen hasi zen Ducau ere.
Handik eta gutxira sortu zuten Errobi eta euskarazko lehen rock diskoa grabatu izanaren ohorea du taldeak.