Iratxe Fresnedaren 'Errotatiba' filma

‘Errotatiba’ eta ‘Noizko Basoa’ film laburrak emango dituzte gaur Iruñeko Kondestablen

Iratxe Fresneda eta Mikele Landa zinemagile bizkaitarrak dira bi film hauen egileak eta proiekzioen ondoren beraiekin solastatzeko aukera egongo da.

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako programaren bigarren izango da gaur, hilak 12, Kondestable Civivoxean. Bi film labur proiektatuko dituzte: Iratxe Fresnedaren (Arrigorriaga, 1974) Errotatiba, eta Mikele Landaren (Bilbo, 1995) Noizko Basoa. 19:00etan hasiko da, areto nagusian, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Bi filmak eman ondoren, zuzendariek solasaldi bat eskainiko dute ikus-entzuleekin.

Fresnedaren Errotatiba memoriaren hauskortasunari eta gizakiak hura babesteko sortzen dituen lekuei buruzko hausnarketa bat da. “Gizakiak desagertu egiten dira, bizi izan ziren eraikinak bezalaxe, lan egin zuten eta zoriontsu izan ziren tokiak bezalaxe. Aurpegi horiek, bizitza horiek, oroimen idatziaren parte izan ziren noizbait, baina oroimena desagertzearekin batera galduko dira, ezer ez baita betiko. Urak dakarrena, urak eramaten du berriz”, azaldu du zinemagile arrigorriagarrak.

Landaren Noizko basoa filmak, bestalde, berriz hasten den baso baten istorioa kontatzen du. Herri batek inoiz ikusi ez duen paisaia bat ekartzen du gogora. Eskuek, aitzurrek eta botek lur lehorra astintzen dute noizbait Ullan bizi izan ziren zuhaitzak lurrazalera ateratzeko. “Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta ahanzturan galdutako mintzaira bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da hemen? Posible al da baso bat landatzea? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herria?”, galdera horiek jarri ditu mahai gainean Mikele Landak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna