(argazkia: Musika Bulegoa)

ESAS, Izaro, Ibil Bedi, Gor diskoetxea eta Janus Lester Musika Bulegoa sarietako irabazleen artean

Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak, Irati filmaren soinu banda, Euskal Barrokensemble (Etxepare Musika Saria), Gor Diskak (EHMBE Ohorezko Saria) eta ESAS (Publikoaren Saria) talde, bakarlari eta elkarteek jaso dituzte sariak.

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu Iruñeko Zentral Aretoan. Orotara hamaika sari banatu dira, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat, EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria eta publikoarena.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta -proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonez osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek: Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak eta Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Callejala Irati filmaren soinu bandagatik.

Etxepare Institutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Euskal Barrokensemble taldeak jaso du aitortza hori, “antzinako musikaren esparruan estilo propioa lantzeaz gain, hura euskara eta euskal kulturarekin sustraitu eta munduko bestelako hizkuntza eta kulturekin uztartzeagatik, beste arrazoien artean”.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten Gor Diskak disko-zigilua aitortu du euskal musikan egindako ibilbide eta ekarpenarenagatik.  2023an ateak itxi zituen diskoetxe nafarrak historia egin du 300 disko baino gehiago kaleratuz eta Berri Txarrak, Manolo Cabezabolo, Exkixu edo Ken Zazpi bezalako taldeak gidatzen.

Aurtengo nobedade nagusia publikoaren saria izan da. Musikazaleek 50 proiektu finalisten artean eta aplikazio baten bidez bozkatu ahal izan dute bere artista gogokoena. Kategoria honetako saria ESAS-ek (Emakume sortzaile eta artisten sarea) jaso du.

Zabaldu: