Eskafranda talde berriak ‘Azken Oroigarria’ aurkezpen kanta plazaratu du

Hamar abestiz osatutako lehen diskoak 2025ean ikusiko du argia. Estilo aldetik, pop-aren inguruan mugitzen diren abestiek osatzen dute lana.

Eskafandra taldea Joseba Iturraspe (McOnak) eta Iban Martinen elkarlanetik sortutako egitasmoa da. Hasiera batean, Iturraspek McOnak taldearen ertzetatik haratago zihoazen doinuetan murgildu nahian, landuta zeuzkan zenbait ideiari forma emateko Martini laguntza eskatu zion eta azken honek abestiak ekoizteaz gain, taldeko gitarra-jotzaile izateko ardura hartu zuen. Ondoren osatu zen formazioa Maren (Bateria), Sergio (teklatuak) eta Xabirekin (baxua).

Hamar abestiz osatutako taldearen lehen lanak 2025ean ikusiko du argia. Estilo aldetik, pop-aren inguruan mugitzen diren abestiek osatzen dute diskoa, momentu batzuetan ilun eta besteetan dantzagarri. Taldekideek azaldu dutenez, “itsasoa presente dagoen elementu bat da, baina ikuspegi erromantikoetatik haratago, gune abisaleraino jaistera gonbidatuko gaitu. Kanpora begira egindako salaketez gain, barnera begirako hausnarketak, autokritika eta kontraesanak ere badira urazpiko bidaia honetan”.

Azken Oroigarria

Diskoa kaleratu aurretik aurrerapen abesti batzuk kaleratuko ditu taldeak eta horietako lehena da Azken Oroigarria. Melodia dantzagarri zein ilunetan mugitzen den pop abestia da. Bertan harreman baten ondorioz bizitako esperientziatik egindako hausnarketei doinua jartzen zaie. Lehen single honetan Mikosis taldeko Carlak kolaboratu du, bere ahotsarekin abestiari erabateko zentzua emanez. Kanta, Maitane Camposen gidaritzapean egindako bideoklip batekin plazaratu da. Bertan, munstro batek bere ametsetan agertzen den lamia batekin topo egiten du eta rol aldaketa bat ematen da pertsonaiengan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna