Itsaso Cruz, Berdintasun zinegotzia, eta Amaia Cuesta, Berdintasun teknikaria (argazkia: Herri Bizia)

Eskola Feministaren udazkeneko programazioa martxan da Errenterian

Urriaren 4tik aurrera bost laborategi, hiru elkargune eta lau saregune jarriko dira abian.

Errenteriako Udalak 2025-26 ikasturterako Eskola Feministaren udazkeneko programazioa aurkeztu du. Nahiz eta aurreko ikasturtean Emakumeen Etxeko obren ondorioz ikasturteko programazioa urtarriletik ekainera bitartean bakarrik egin zen, parte-hartze datuak positiboak izan ziren: 170 izen-emate jaso ziren eta 191 plaza bete ziren antolatu ziren 12 jardueretan.

Ikasturte honetan, berriz, Eskola Feminista hiru espazio motatan antolatu da: Laborategiak, elkarguneak eta sareguneak.

Laborategiei dagokienez, ahalduntze indibidual, kolektibo, sozial eta politikorako beharrezkoak diren testuinguruak aktibatzeko, eraldatzeko eta sortzeko izango dira. Hauen helburua iraupen jakin batekin (egun bat, asteburu bat edo aste batzuk) gai ezberdinak lantzea da.

Elkarguneak, berriz, emakumeen kolektibo jakinentzat pentsatuak izan dira, haien ahalduntzea bultzatzeko. Ikasturte osokoak dira eta izen-ematea ikasturte osoan zehar dago irekita.

Azkenik, sareguneak feminismotik emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea bultzatu nahi duten elkarteentzako dira. Gune honetan antolatzen diren jardueretan izena emateko prozesua elkarteek beraiek kudeatzen dute eta informazio guztia liburuxka honetan dago.

Hala, urriaren 4tik aurrera bost laborategi, hiru elkargune eta lau saregune jarriko dira martxan:

Laborategiak:

– Antzerki feminista laborategia

– Gorputz sexuatua: eskubideen, zaintzen eta plazeren lurraldea

– Sormenezko idazketa lantzeko laborategia

– Elkartegintza feministarako bidelaguntza

– Orratz-elkarrizketak

Elkarguneak:

– Indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko emakumeen elkargunea

– Zaintzaileentzako elkargunea

– Taldeko ahalduntzerako elkargunea

Sareguneak:

– Tautandra batukada feminista elkartea: Batukada feminista ikastaroa

– Mara Mara elkartea: Tratu oneko harremanak. Norbera maitatzea eta zaintzea, bizi-proiektu gisa.

– Zauriak miazkatu elkartea: Azalak dio: gorputza, generoa eta sorkuntza komunitarioa

‍- Emanbira kultur elkartea: Emagune. Jatorri anitzetako emakumeen topaketa
Gune bakoitzeko jardueren programazioari eta izen-emateari buruzko xehetasunak Emakumeen Etxean eta udalaren webgunean egongo dira eskuragarri.

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta Emakumeen Etxean eskaintzen dira. Laborategien kasuan, izena emateko epea gaurtik urriaren 1era arte egongo da zabalik, eta izena emateko galdetegi bat bete beharko da. Elkarguneen kasuan, izen-ematea urte osoan dago zabalik, izena emateko Emakumeen Etxearekin harremanetan jartzea besterik ez dago. Eta sareguneen kasuan, elkarte bakoitzak bere izen-emate prozesua kudeatzen du.

Informazio gehiago nahi izanez gero Emakumeen Etxean bertan (Txirrita Parkea, z.g), emailez eskolafeminista@errenteria.eus helbidera idatziz edo telefonoz (943 449 630) jasotzeko aukera egongo da, astelehen eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna