(argazkia: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea)

Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia igandean egingo da Errezilen

Eskola Txikiak Bizirik lelopean antolatu dute 34. edizioa. Bigarren aldiz antolatuko da jai hau Errezilen, 1995ean egin baitzen lehen aldiz.

San Martin Herri eskolak antolatu du aurtengo Eskola Txikien jaia igandean, Errezilen. Eskola Txikietako herrien arteko elkargunerako jai eguna izan ohi da, eta eskola txikien komunitatea elkartuz, eskola berezitu diren herri nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jaia egiten da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea izan ohi da helburua.

Antolatzaileentzat ukaezina da eskola txikiek herri nahiz auzo txikietan duten garrantzia eta eragin positiboa. “Errezilen dugun eskola txikiari esker gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera eskaintzen diegu. Adin ezberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesua garatzen, eta lehen mailako harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan”, azpimarratu du Oihana Trula Aginagalde gurasoak.

San Martin Herri Eskola

Eskola txikietan ezagun den moduan, San Martin Herri eskolak ere eskola txikien ezaugarriak ditu. 54 ikasle daude, une honetan: 19 Haur Hezkuntzan eta 35 Lehen Hezkuntzan. “Eskola publikoa da. Zerbitzu publikoa ematen du, aukera berdintasuna eta inklusibotasuna bultzatzen ditu; hurbiltasuna, aniztasuna eta kohesio soziala erdigunean jarri nahi dituena da San Martin eskola”, nabarmendu du Miryam Urrutibeaskoa Onaindia ikastetxeko zuzendariak.

Herri eskola, eraikinetatik kanpora dauden beste sistemekin etengabeko harremanean dago: familiak, udaletxea, elkarteak, herritarrak… Eskolaren ingurune hurbila da hezkuntza baliabide esanguratsuena, baita herritarren ingurune naturala ere. Azaldu dutenez, gero eta gutxiago falta da egun handirako, eta honetan direla, eurekiko gertutasun handiena duten eskola txikietako guraso, ikasle eta irakasleak animatu dituzte Errezilera etor daitezen eskola txikien jaian parte hartzera. 2022ko jaiaren ondoren, Lizartzak helduko dio eskola txikietako jaien ardurari.

Zabaldu: