(argazkia: Bertsozale)

Eskolartekoak plazara jauzia egingo du

Eskolatik Plazara ekimena “Eskolartekoko parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena da”. Lehen saioa urtarrilaren 29an izango da Gernika-Lumon.

Iazko ekainean izan behar zuen Eskolarteko azken hitzorduak, Euskal Herrikoak, berriz, azaroan, baina Bertsozale elkartearen arabera, “saiakera bat zein bestea ezin izan ziren gauzatu, osasun egoeraren bilakaera tarteko. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren”.

Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie: horretarako Eskolatik Plazara antolatzea erabaki du elkarteak, “Eskolartekoko parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena”, adierazi dute.

Saio hauetarako sarrera doakoa izango da, izen emate orriak bete beharko dira aretoan lekua gordetzeko.

Gernika-Lumon, lehenengoa

Eskolartekoa antolatzen duten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute Eskolatik Plazara ekimena. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak ematea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen.

Ahalegin berri honekin, finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie, “bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten da datozen urteetako plazei begira, eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat da Bertsozale Elkartean”.

Urtarrilaren 29an, Gernika-Lumoko Astran egingo da lehen saioa, 18:00etik aurrera. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin, Igor Menikak gidatuko du. Saioa ikusteko tokia Bertsozaleren webgunean dagoen izen emate orria beteta gorde ahal izango da.

Era berean, dagokien izen emate orria beteta, gorde beharko da lekua bigarren eta hirugarren saioetarako. “Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean otsailaren 5ean”: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, Josu Sanjurjo, berriz, gai jartzaile lanetan ariko da. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. Hirugarren saioaren xehetasunak laster aletuko ditu elkarteak.

Zabaldu: