(argazkia: Durangoko Udala)

Esku-hartze artistikoei zuzendutako sorkuntza lana sarituko da Durangoko Azokaren 7. Sormen Bekan

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute zazpigarren urtez Sormen Beka Da. “Azken urteetan, Durangoko Azokak herriko Arte eta Historia Museoan ere ekitaldiak antolatu ditu. Horregatik, deialdi berrian sormen bekarako proposamenak museoan edota museo inguruan egiteko esku-hartzeak izateko erabakia hartu dugu”, adierazi dute. Hala, oraingoan, edozein diziplina aintzat hartuta aurkeztu ahal izango dira proposamenak: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa… Lanak, beste aldetik, Euskara Jendea izango du gaitzat.

Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da proiektua aurrera atera ahal izateko. Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, gaia transmititzeko ahalmena, Durangoko Museoak eskaintzen dituen espazioetara egokitzeko gaitasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 59. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2025ko Durangoko Azokan (60. DA) aurkezteko.

Deialdi berriari buruzko informazioa eta oinarriak: durangokoazoka.eus webgunean.

Zabaldu: