(argazkia: Gatibu)

Esne Beltza, Chill Mafia eta Gatibu taldeen azken zuzenekoak

2025eko otsailean Esne Beltza eta Chill Mafia behin betiko jaitsiko dira oholtzetatik. Gatibuk, berriz, abenduan eskainiko du azken kontzertua.

Egun gutxi batzuk dira Esne Beltzak azken kontzertua iragarri zuela, eta asteazkenean, Chill Mafia talde iruindarraren agurrarekin esnatu ginen. Hori gutxi ez eta Gatibuk ere bere amaiera iragarri zuen arratsalde horretan bertan.

Talde nafarrari dagokionez, Agur eta ohore X Allá Va La Despedida bederatzi kantuko mixtapearekin batera iragarri du bere amaiera. Aurretik, baina, Gasteiz, Logroño, Errenteria, Iruñea, Bilbo, Bartzelona eta Madrilgo oholtzetara igoko dira Agur eta ohore izeneko birarekin.

Talde gernikarrak, bere aldetik, 2025eko abenduaren 13an BEC-en eskainiko duen zuzenekoarekin itxiko du 25 urteko ibilbidea. Sare sozialetan zabaldutako mezuan adierazi dutenez, “sarri entzun dugu arraro samar bizi garela, eta inungo lotsarik ez dekogule. Eta bai, gazte izan gara, gazte eta zoro. Duela 24 urte, trago batzuk konpartitzen genduzan artien, disko infernuko atien aurkitu ginen, lagun artien. Di-da gure artien sortu zan rollotxue”.

Bizitzeko gogoa zutela aitortu dute, “kantuek ein ala, bizixe albotik doala ohartu ginen. Mile gaba, mile lagun izan ditugu ibilbide guztian zier. Lagunek eta rock and rolla, horixe izan da Gatibu. Momentu onak eta txarrak. Trumoi eta bare”.

Urteek aurrera egin ahala, elkarrekin jarraitu dute taldekideak, “momentu bakoitzien eta  pausu bakoitzien alboan izan zaittuegu. Eskuek hotz, baina bixotza beti suten, zuoi esker. Ez dakizue ondo, zenbat aldiz pentsatu ote dogun, estenatoki gainien zuoi begire, suertie dekogula gaurkoan, urrie daroagule alboan. Gure kantuekin euritan dantzan ibili zarie, gabak zerueri begire pasau dozuez. Olatu gainien batzutan, tatarrez bestietan, baina irrifar bat ez da sekula falta izan begiratu zaittuegun  bakoitzien. Gure parte bat bihurtu zarie, barruen ikutu gaittuzue, barrura arte sartu zarie. Zer gehixau bide zorixontxu izeteko? Bizitzek ez deu atzera egiten, eta konturatzen garenerako egun bet baino ez da geldituko.

Baina egun goibel hau, egun argi bihurtu nahi dogu gaurkoan. Ondiño ez da amaitu, beste behin zuen argixen gatibu izengo gara. Elkartuko gara azken aldiz, eta kolorez jantziko dogu gure gaba.

Argixe etorriko da taula ganera ta bixotzaren taupadak ehunera joango dire. Zoro moduen jarriko gara. Aske maitteko dogu, aske bizi. Bizkaia Arena beteko dogu, eta betiko moduen amaittuko dogu, zuei lorak eskaintzen.

Baina zuek segi, segi dantzan,  bixotza suten dekozuen bitartien, barre zoro artien. Eta batezbe bizi, topera bizi. Joan etorri bet da gure bizixe, eta une honek. Baina bixotzak ez deu gezurrik esaten. Martxa, martxa ari jaku eskatzen.

Txoko txiki bat izen zara, Gatibu, ezin izango zaittugu inoz ahaztu. Baina heldu da ordue, Agur esan barik, bagoiez”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna