Esne Beltza eman duen behiak agur esango du otsailaren 1ean, Bilbon

Taldeak bere agur kontzertuaren xehetasunak eman ditu gaur. Fermin Muguruza, La Pegatina, Amak, Chambao, Juantxo Arakama edota El Canijo de Jerez izango dira, besteak beste, Bilbao Arenan.

Esne Beltzak 18 urte beteko ditu datorren urtean, bere azken kontzertua eskainiko duen urte berean. Taldeak iazko Esne Bidea diskoa kaleratzearekin batera eman zuen bere agurraren berri eta, gaur, azken zuzenekoaren xehetasunak eman ditu ezagutzera: 2025eko otsailaren 1ean, Bilbao Arenan.

Taldearen azken kontzertu berezi horretarako, lagun handiz inguratuta igoko dela oholtzara iragarri du, besteak beste, Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao, Amak, Juantxo Arakama edota El Canijo de Jerez dira izen horietako batzuk. “Festa bat izan zen gure hasiera, eta festa bat izango da bukaera, denik eta alaiena. Aldarrikapenak ahantzi gabe, alaitasuna borroka tresna bezala erabili dugulako hasiera beretik. Altxa eskua herriarekin bazaude dio gure azken kantuetako batek, eta herriarekin dantzatu nahi dugu gure zuzeneko azken kantua”, adierazi dute taldekideek.

Esne Beltzak mezu bat helarazi nahi izan die zaleei.

“Gure behiak ez du esne gehiagorik, ziklo bat ixten dugu, eta ziklo hori alaia bezain ederra izan dela zabaldu nahi dugu lau haizeetara, horregatik nahi dugu ate hori behar den bezala itxi, gu izan garen esentziari helduz.

Esne Beltza eman duen behiak baditu txahalak, aratxeak, eta haiek jarraituko dute bere esnea zabaltzen Euskal Herrian, gehien maite dutena eginez, musika eta dantza. Esne Beltza familia bat da, hori aldarrikatu dugu urte luzez, eta familia horrekin egingo dugu azken festa Bilbon, musikari lagunak gonbidatu ditugu jai horretara, eta gure zaleei bertaratzeko deia egiten diegu.

Bihotz forma duen mundu bat osatu dugu elkarrekin, koloretsua, alaia; eta errespetua, miresmena eta eskerra luzatzen dizuegu gurekin bat egin duzuen guztioi. Asko dira ezingo dutenak Miribillan gurekin izan, baina haiek gogoan kantatu eta dantzatuko dugu. Marabilla izango da Miribilla”.

Sarrerak irailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna