Estatu kolpea kantu sorta Zazkel taldeak Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band-ekin batera, datorren ostegunean, kaleratuko duen Ezpata Dantza izeneko split-aren parte da.
Ostegunean, azaroak 7, argitaratuko dute Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Bandek eta Zazkel taldeak Ezpata Dantza izeneko split-a. Aurretik baina, talde bizkaitarrak lan horretan jasoko diren bere lau kantuen multzoa aurkeztu du, Estatu kolpea izenpean. Abestietan Negu Gorriak edo The Clash taldeen funk eta rockaz gain, Rocio Jurado edo Julio Iglesiasen estilo “horterak” aldarrikatzen dituztela azaldu du Zazkelek. “Aipatzekoak dira metrika karratuetatik aldentzen diren konpasak, eta azpimarratzekoak sanple eta erritmo kutxekin sortutako bateria lerroak”. Dantzarako erronka berria proposatzen dute bizkaitarrek. Kulturaren merkantilizazioaren aurka egiten du taldeak GPK-ko partaideen laguntzarekin. Horrez gain, transzendentalagoak diren hitzak eta musika talde baten eguneroko gorabeherak agerian uzten dituen gaiak dakartza lan berriak.
Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band-ek bere aldetik, sare sozialetan aurreratu duenez, Zazkel taldearekin partekatutako Ezpata Dantza Split-ak “soinu-paisai eklektiko eta libretik bidaiatzen du”. Lan berrian gorpuzkingz taldeak, Eneritz Furyak eta Kaki Arkarazok parte hartu dute, “azken honek Negu Gorriak taldean zegoenean egiten zituen nahasteen arima berpiztu du Gure Jarrera izeneko abestiarekin”, gaineratu dute.