Argazkia: Michel Vogel
Esther Ferrer artistari (Donostia, 1937) eskainitako mostra zabal batekin zabaldu du Tabakalerak erakusketa-areto berria. Laurence Rassel eta Mar Villaespesa komisario dituen erakusketa-proiektuak aretoa gune bizi bat bezala lantzea du helburu. Hori horrela, zenbaki lehenen inguruko lanetan eta Ferrerrek bere ibilbide oparoan zehar egin dituen ekintzetan eta horien aldaeratan oinarritzen da nagusiki ostiralean ateak ireki zituen erakusketa.
Obren aukeraketa eta sekuentzia eragiketa bat jarraituz egin du Donostiakoak, bere ibilbidean zehar oso garrantzitsua izan dena: “Ideia bat forma desberdinetan deklinatzea […] performanceak eta instalazioak DNA bera dute: denbora, espazioa eta presentzia, modu desberdinean deklinatutako hiru funtsezko elementu”, azaldu du. Ferrer performance artearen ordezkari nagusietako bat izan da.
Erakusketa ariketa, ekintza eta pentsamenduen agertoki moduan planteatzen da eta bertan, prozesuak, entseguak, zirriborroak eta maketak lantzen dira, baita soinuaren materialtasuna entzun eta sentitu ere. Azkenik, gorputzaren mugimendua ere bizi egiten da hainbat konbinazio jarraituz.
Zenbakiak, erritmoa, soinua, hizkuntza, gorputza, denbora, espazioa, hutsunea… zoria ordenan, zehaztasuna absurdoan, jarraitutasuna aldakortasunean.
Gainera, erakusketaren osagarri gisa, performance edo ekintzak eskainiko dira asteroko programazio batean, Ferrerrek berak gonbidatutako sortzaileen eskutik, eta berariazko bitartekaritza programa bat ere izango da. Erakusketan publikoak jarrera aktiboa hartu ahal izango du eta sortzailearen lanekin elkarreragin.
Erakusketa maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai Donostiako Tabakaleran.