(argazkia: Irekia)

Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicions-ek Etxepare Itzulpen Saria irabazi dute Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’ katalanera itzultzeagatik

Epaimahaiak nabarmendu duenez itzulpena itzulpena “zentzu guztietan aparta” da. Sari honekin itzultzaileek itzalean egindako lana eta argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua aitortu nahi dute antolatzaileek.

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren ‘Kontrako eztarritik’ (Susa) saiakeraren katalanezko edizioak 2024ko Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria irabazi du. Estibaliz Lizasok (Tolosa, 1984) itzuli du lana euskaratik katalanera, eta Bartzelonako Pol·en edicions argitaletxeak plazaratu du Revers. Testimonis de dones bertsolaris izenburupean.

Kontrako eztarritik lanaren katalanezko edizioari buruz epaimahaiak nabarmendu du itzulpena “zentzu guztietan apartekoa” dela, eta erabilitako hizkuntza “guztiz benetakoa”, “arina” eta “egilearen helburuari modu eraginkorrean” erantzuten diona. Gainera, “zuzeneko itzulpena izatea” ere kontuan hartu du epaimahaiak, baita “bertsolaritzaren zabalkundean lanak egiten duen ekarpena” eta “genero rolak auzitan jartzea”.

Sariaren hamargarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Zuriñe Sanz EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna