'20.000 erle espezie’ filma

Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak Tokyo International Film Festivaleko Ethical Film Award saria irabazi du

Urriaren 23an hasi eta azaroaren 1era amaituko da A kategoriako zinema jaialdiaren World Focus sailean kokatzen den euskal leihoa, Spotlight: Basque Cinema izenburupean.

36. Tokyo International Film Festivalek gaur iragarri du Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie lanak irabazi duela aurtengo edizioan estreinatu berri den Ethical Award Saria. Urresolaren film entzutetsua Tokioko jaialdian proiektatzen ari dira Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Euskal Leihoaren baitan.

TIFF 2023k jaialdiaren printzipio etikoak betetzen dituzten film aipagarriak aukeratu ditu aurten zinema jaialdira aurkeztu direnen artean. “Egungo gizarte-gai garrantzitsuak jorratzen dituzten filmak aukeratu dira, hala nola genero-berdintasuna, ingurumena, pobrezia, aniztasuna eta diskriminazioa ardatz dutenak”, azaldu dute jaialdiko ordezkariek. Sari honetarako hiru hautagai zeuden: The Fisher, Power Alley eta 20.000 erle espezie bera, eta azkena izan da garaile.

Saria urriaren 31n emango diote Urresolari, filmaren proiekzio berri baten ostean. Zuzendaria dagoeneko Tokiora bidean da.

Euskal emakume zinegileak nagusi

Euskal zinemak Asiako eta munduko zinema jaialdirik garrantzitsuenetariko eta esanguratsuenetariko batean lekua izaten ari da lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Euskal zinemaren erakusleiho honek Donostiako Zinemaldiaren eta Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du, eta Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da.

Zabaldu: