(argazkia: Donostia Kultura)

Estitxu Ortolaiz argazkilariaren ‘Haziya’ erakusketa paratu dute Donostian

Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da 2024ko urtarrilaren 18ra arte. Erakusketa hau galtzen ari diren Hondarribiko lehen sektoreko lanbideei buruzko trilogia baten parte da.

Bihar, iluntzeko 19:30ean, Estitxu Ortolaiz argazkilariaren (hondarribia, 1975) Haziya erakusketak Donostiako Okendo Kultur Etxeko areto zaharreko ateak irekiko ditu. Zuzeneko musika ere izango da irekiera ekitaldi horretan Physis Versus Nomos-en eskutik.

Erakusketa hau galtzen ari diren Hondarribiko lehen sektoreko lanbideei buruzko trilogia baten parte da. Argazkilariak azaldu duenez, “nekazariek beti makurtuta lan egin dute, eskuak lurrez beteta eta zeruari begira gure lurreko haziyak behin eta berriro landatzen eta zaintzen.

Ziklo amaigabea dela dio Ortolaizek: “Lurra prestatu, irauli, hazia landatu, zaindu, ureztatu, belar txarrak kendu, lan eta lan, eguzkia ateratzen denetik, iluntzen duenean gelditu arte. Eguraldiaren menpe: eguzkiaren zain, euriaren zain, haizearen zain, baina, aldi berean, eguraldiaren beldur… Hilabeteetako lana arratsalde bakarrean galdu baitaiteke. Lan bakartia da, eta, belaunaldiz belaunaldi iraun badu ere, pixkanaka galtzen ari dena. Baina badago oraindik itxaropen izpi bat, badira oraindik ausartak, baserria mantentzeko lanean dabiltzanak, baita hutsetik hazia landatu eta pixkanaka uzta on eta politak lortzen ari direnak. Gure herrialdeko nekazariei eskainitako omenaldi txikia da. Helburu bakarra duena: beraien lanari merezi duen garrantzia eman eta aitortza egitea”.

Estitxu Ortolaizek berak hiru bisita gidatuko ditu: azaroaren 29an, 19:30ean, euskaraz; abenduaren 28an, 19:30ean, gaztelaniaz; urtarrilaren 13an, eguerdiko 12:00etan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Haziya erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean egongo da ikusgai urtarrilaren 18ra arte, astelehenetik ostiralera (10:00-14:00 / 16:00-20:30).

Zabaldu: