Liburuxka Marie Cosnay-k eta Txetx Etcheverry-k idatzi dute eta Magali Etcheverria ilustrazioez arduratu da. Jurgi Ekiza musikariak proiekturako abestia egin du Bihar izenpean eta Edgar Morinerena da gibel solasa.
Eta etorkizuna…hemen balitz? izeneko liburuxka aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian. Honen bidez, Koronabirusaren krisi honen ondoren, “anormala den errealitate batera itzultzea” errefusatzea proposatu nahi zaio publiko zabal bati. “Eta parada baliatuko bagenu, alderantziz, gure lurraldeen metamorfosi ekologiko eta soziala abiatzeko? Horrek zer mundu ahalbidetuko luke hemendik zonbait hamarkadaren buruan?”. Nolabaiteko utopia errealista bat da, mundua eta gure biziak nolakoak izaiten ahal litaizken irudikatzen duena, “Covid19-aren krisia honetaz baliatzen bagira gure jendarteari buruz eta gure eguneroko biziko alienazioek gordetzen dituzten nahikunde eta xedeei buruz galdezkatzeko, eta beheretik hasiz dena birpentsatzen badugu, hots birtokiratze jasangarri eta solidario bat asmatzen badugu”.
Liburuxka Marie Cosnay-k eta Txetx Etcheverry-k idatzi dute eta Magali Etcheverria ilustrazioez arduratu da, Jurgi Ekiza musikariak bere aldetik, proiekturako abestia egin du Bihar izenpean eta Edgar Morinerena da gibel solasa.
Bizi! eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak plazaratu dute argitalpena, oraingoz online formatuan. Hilaren 15etik aurrera berriz, okindegi, saltoki, elkarte eta kirol egoitzetan eta laster irekiko dituzten hainbat ostatu eta jatetxetan egongo da eskuragarri paperezko formatuan. Lehen argitaraldia 5.000 alekoa izango da. Herritarren harpidetzen bidez finantzatuko dute proiektua. “Ekarpena, xumea bada ere, Internet bidez egiten ahal da, segurtatua den ordainketa moldearekin: https://www.helloasso.com/associations/bizi/collectes/et-si edo Biziren izenean den txeke bat helaraziz honako helbidera: Bizi, Cordeliers karrika, 20.- 64 100 Baiona”, azaldu dute.