Etorkizuna izango da DFeria azokaren 27. edizioaren gai nagusia

Rebeka Elizegi ilustratzaileak sortu du aurtengo kartela. Martxoaren 15etik eta 18ra bitartean izango da DFeria Donostian.

Rebeka Elizegi collage ilustratzaileak sortu du DFeriaren 27. ediziorako kartela. “Kulturaren eta arte eszenikoen mundurako hain urte krudela igaro ondoren, antzerki mundua irudikatzen duen pertsonaia nagusi bat ilunpetik azaltzen da eszenara, espazio guztiari indarra eta energia berritua emanez”, azaldu du egileak.

Bestalde, aurtengo gai nagusia etorkizuna izango dela iragarri du antolakuntzak. “Etortzekoa den hori. Susmoari so egin une zehatz bateko datuekin. Etorkizuna zehatz-mehatz asma dezakezu? Zergatik interesatzen zaigu hainbeste? Etorkizunaren gainean interes hori, nola hausnartzen da arteetan? Etorkizuna benetan existitzen da? Erlijio batzuek etorkizunaren ezjakintasunak sortutako ziurgabetasunean jarri dituzte oinarri teologikoak. Norberak bere etorkizunean eragin dezake?”. Robert Anton Wilson eleberrigile estatubatuarrak zera esan zuen: “Etorkizuna arriskua hartu eta hura sortzearen ardura onartu dezakeen edonori dagokio”. Anonimo batek ere honela zioen: “Ikasi iraganetik, begiratu orainari eta sortu etorkizuna”. Eta amaitzeko edo nahi baduzu hala nola jarraitzeko, nola hautematen da etorkizuna Covid garaian?

Bost estreinaldi orokor

Datorren edizio honetarako 330 konpainiak eman dute izena; antzerkian, dantzan eta bestelakoetan euren lanak aurkezteko. Azkenik, 28 konpainien ikuskizunak hautatu dira eta horietatik bost estreinaldi orokorrak izango dira.

Antolatzaileek laster aurkeztuko dute programazio eszeniko osoa. Martxoaren 15etik eta 18ra bitartean izango da DFeria Donostiako hainbat antzokitan.

Zabaldu: