Etxealditik Euskaraldira egitasmoa antolatu dute

Hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta ekiteko ekimena apirilaren 20an abiatuko da.

Bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbitea. Hori da, apirilaren 20an, Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko den Etxealditik Euskaraldira ekimenak dakarren proposamen nagusia.

Ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.

Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa
prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du. “Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu, errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea”, azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.

Aurkezpena, hausnarketa eta ekintza izango ditu ekimenak

Hiru aldi nagusi izango ditu ekimenak: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, gaineratu du Aldabaldetrekuk.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”, nabarmendu du Aldabaldetrekuk.

Herritarren parte hartzea

Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.

Etxealditik Euskaraldira ekimenak herritarren parte hartzea beharko du, beraz, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.

Aldabaldetrekuk azpimarratu du garrantzitsua dela sare sozialetan @euskaraldia aipamena egitea eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiltzea, Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko. Bestalde, etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

Zabaldu: