Etxebizitzaren arazoa askatzeko 30 gako politiko, ekonomiko eta sozial jasotzen ditu lanak.
Egilearen esanetan, etxebizitzaren arazoa erabaki politiko zehatzen ondorio da, eta, beraz, bestelako erabaki politikoek ere arazoari buelta eman diezaiokete. “Liburuan azaltzen ditut etxearen korapiloa askatzeko gako politiko, ekonomiko eta sozialak: hogeita hamar neurritan bildu ditudanak, ia aldi berean hartu beharko liratekeenak, baita modu iraunkorrean ere, hau da, denbora luzez mantenduz. Ez dira ezezagunak, baina gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herrian gutxienez, ez dago borondate politiko handirik neurriok gauzatzeko eta etxebizitzaren arazoa benetan konpontzeko. Zergatik? Bada, etxearen korapiloa askatzeko merkatuaren logikatik aldendu beharra dagoelako, etxe merkeak eta iraunkorrak eskainiz, eta ez dago interes politiko handirik hori modu eraginkorrean egiteko, etxebizitzaren prezioa etengabe igo dadila bilatzen delako”.
Gasteiztarraren arabera, “Hego Euskal Herrian apenas bultzatu da alokairu soziala: EAEko Etxebideren zerrendan, hain zuzen ere, 85.000 eskatzaile daude gaur egun alokairu sozialeko etxebizitza bat aldarrikatuz, ezin dutelako alokairu libre bat ordaindu, baina eskaintza alokairu sozialeko 28.000 etxebizitzakoa da soilik”. Bere esanetan, Hegoaldeko alokairu sozialeko etxeen kopurua Danimarkako, Herbehereetako edo Austriako eskaintza baino bederatzi aldiz urriagoa da. Eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino ia lau aldiz txikiagoa: “erronka nagusia alokairu sozialeko etxebizitza gehiago lehenbailehen lortzea litzateke”.
Irakurleek etxebizitzaren arazoaren jatorria aurkitzeaz gain, soluzio egingarriak ere topatuko dituztela zehaztu du Fernandez de Betoñok. Era berean, Euskal Herriko begiradatik idatzita dagoela ere azpimarratu du: “Bidasoatik gorako gure gazteak bospasei urte lehenago emantzipatzen dira Bidasoatik beherakoak baino, besteak beste Ipar Euskal Herrian hiru aldiz alokairu sozial gehiago dagoelako Hego Euskal Herrian baino”.
Ildo berean, liburuak azaltzen du nola etxebizitzaren arazoa konpondu behar den bestelako arazoak sortu gabe, adibidez, urbanistikoak edota linguistikoak: “arnasguneen edo udalerri euskaldunen berezitasunak ere kontuan eduki behar ditugu”, nabarmendu egileak.
Justizia soziala
Gidor Bilbao UEUko Argitalpengintza Batzordeko kideak “liburuaren akademikotasuna eta justizia soziala lortzeko bidean” kokatzen dela azpimarratu du.
Edurne Larrañaga Celada Ipar Hegoa Fundazioko azterketa arduradunak, bere aldetik, langileen bizitzan etxebizitzaren garestitzeak izugarrizko inpaktua duela aipatu du, eta liburu hau LAB sindikatuarentzat tresna bat dela. LAB sindikatuak etxebizitzaren gaian subjektu aktibo izatea erabaki zuen eta hori ere beste arrazoi bat izan da liburu hau sustatzeko unean.