(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Etxeparek 30 eragileko aliantza-sarea aktibatuko du euskal kultura frankofoniaren eremuan kokatzeko

Ipar Euskal Herriko eragileek zubi estrategiko gisa jardungo dute euskal sorkuntza lurralde frankofonoetan proiektatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak Ça colle au basque egitasmoaren 2026ko programa aurkeztu du Biarritzen. Azaldu duenez, “Pasa den urtean abiatutako arnasa luzeko egitasmoa da Ça colle au basque, euskara, euskal kultura eta sorkuntza frantsesa hizkuntza komun duten lurraldeetan kokatzea, indartzea eta ikusaraztea, eta euskal kultur ekosistemarentzat aukera berriak sortzea helburu duena”.

Egitasmoaren bigarren urte honetan, Estatu frantsesa, Belgika eta Quebeceko 15 jaialdi eta programaziotan izango dira protagonista diziplina anitzetako euskal sortzaileak. Interbentzio artistikoak, liburu aurkezpenak, eta topaketa profesionalak ere aurreikusten ditu Ça colle au basque-ren 2026ko programak, baita bi sorkuntza-egonaldi ere.

Euskarazko literatura frantsesera itzuli eta argitaratzea ere sustatuko da horretarako espreski abiatutako deialdi batekin, bigarren urtez egingo dena.

Esparru akademikoan, berriz, Bordele, Paue, Paris eta Montrealen jada indarrean dauden euskal ikasketen programa eta katedrez gain, katedra berri bat abiatuko da Sorbonne unibertsitatean, Frantziako hiriburuan.

Ipar Euskal Herria sarbide

Etxepare Euskal Institutuak 30 eragilek osatutako aliantza-sare sendoa aktibatu du 2026an ekintza hauek guztiak burutzeko, nazioartekoen eta tokikoen arteko elkarreragina sustatuz. Horietatik 17 frankofoniaren eremuko eragileak dira, eta beste 13 Euskal Herrikoak.

Erakunde eta eragileekin lankidetza marko egonkorrak garatzea da egitasmoaren gakoetako bat, euskal kultura eta sorkuntza frankofoniaren zirkuitu, sare eta ekosistemetan txertatzeko.

Institutuaren arabera, “helburu horrekin funtsezko rola jokatzen dute Ipar Euskal Herriko erakunde, eragile eta sortzaileek. Izan ere, testuinguru linguistiko eta egitura instituzional partekatuari esker, euskal kultura eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, unibertso horretara sarbidea erraztuz eta harremanak bideratuz”. Era berean, “Aktiania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak lankidetza egituratua garatzeko eskaintzen duen abagunea”, azpimarratu du Etxeparek.

Zentzu horretan, Etxepare Euskal Institutuak lankidetza estuan dihardu Iparraldeko erreferentziazko eragileekin, eta “2026ko programa gauzatzeko ezinbesteko bidelagun dira Malandain Ballet Biarritz, Akitania Hegoaldeko Eszena nazionala, Baionako Euskal Museoa, Bonnat-Helleu Museoa eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea bera”.

Egitaraua

2026an euskal sorkuntza frankofoniaren eremuko 15 jaialdi eta programaziotan izango da ikusgai. Musikaren alorrean, esaterako, M pour Montreal jaialdian bi euskal artista arituko dira, eta industria topaketa bat egingo da Musika Bulegoarekin elkarlanean. Zinemaren esparruan azpimarratzekoa da amaitu berri den Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdian egon den partaidetza zabala (10 film luze, zazpi film labur eta telesail bat) eta Fenêtre Basque sailaren 25. urteurrena ospatzeko Nantesko operan egin den emanaldi berezia Karmele eta Elai Alai filmen proiekzio bereziarekin. Horrekin batera, azken urteetan Euskadiko Filmategiak zaharberritutako filmen zikloa egingo da Quebeceko Zinematekan eta hainbat ekoizpen aurkeztuko dira Quebec Hiriko Zinema Jaialdian (FCVQ), Zinebirekin lankidetzan.

Arte eszenikoetan, euskal konpainiek presentzia berezia izango dute Alès-eko (Estatu frantsesa) Cratère Surfaces jaialdian, Euskal Herria ohorezko gonbidatu izango baita. Artearen eremuan azpimarratzekoa da June Cresporen parte hartzea Lyongo Biurtekoan; eta literaturan, euskal idazle baten presentzia bermatua dago Quebec hiriko Maison de la littérature zentroan.

Bi sorkuntza egonaldi ere egingo dira. Lehenbizikoa, Bordeleko Zébra3 arte garaikide zentroan Damaris Pan artista bizkaitarrak egingo duena. Bigarrena, hautatzear den euskal koreografo batek (deialdia martxan da) Montrealgo Circuit-Est dantza sorkuntza zentroan burutuko duena.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak euskarazko literatura frantsesera itzuli eta argitaratzea sustatzeko deialdia ireki du bigarren urtez, euskal idazleen lanak frankofoniaren merkatuetan zabaltzeko helburuz. Laguntza-lerro honek jatorriz euskaraz idatzitako obren itzulpena babesteaz gain, nazioartekotze-prozesuaren fase desberdinetan laguntza eskaintzen du: eremu frankofonoko argitaletxeen azterketa, lanaren lagin baten itzulpena —beharrezkoa bada—, eta, azkenik, argitaletxe batekin argitalpen-konpromisoa formalizatzea.

Deialdiaren lehen edizioari esker, lau literatura-lanen frantseserako edizioak bidean dira jada. Horietatik bi aurten merkaturatuko dira: Euri zitalari esker (Itxaro Borda) eta Aitaren etxea (Karmele Jaio).

Alor akademikoari dagokionez, 2026an euskara eta euskal kultura programak mantenduko dira Université Sorbonne Nouvelle, Sorbonne Université eta Université de Pau et des Pays de l’Adour (UPPA) unibertsitateetan. Horrekin batera, euskal ikasketen katedrak indartuko dira Université Bordeaux Montaigne eta Montrealgo McGill unibertsitatean, eta katedra berri bat abiatuko da Parisko Sorbonne unibertsitatean, Esther Ferrer artistaren izena eramango duena.

Bestalde, 2025ean Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateetan burututako ‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ (Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu) nazioarteko kongresuaren emaitzak argitalpen batean bilduko dira, hizkuntza gutxituen inguruko ezagutza eta eztabaida akademikoa indartzen laguntzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna