(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Etxeparek, Institut Ramon Llullek eta Consello da Cultura Galegak poesia itzulpenak sustatzeko egonaldia antolatu dute

Hamar itzultzailek egingo dute egonaldia gaurtik hasi eta apirilaren 8ra bitarte

Egunotan Bilbon egiten ari diren Gutun Zuria jaialdiaren testuinguruan, itzulpengintza sustatzeko ildoen berri eman dute Etxepare Euskal Institutuko kultura sustapeneko zuzendari den Imanol Otaegik eta  EIZIEko (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) zuzendari den Manu Lopez Gasenik.

Institut Ramon Llull eta Consello da Cultura Galega-rekin batera lehenbiziko aldiz antolatutako poesia itzulpen egonaldiak azpimarratu ditu Otaegik. Azaldu duenez, gaur hasi eta apirilaren 8ra bitartean Faberllull egoitzan (Olot, Katalunia) egingo den egonaldi poetikoaren helburua da lanerako, inspiraziorako eta elkartrukerako gunea eskaintzea. Guztira 10 itzultzailek hartuko dute parte, hiru euskaldun, hiru katalan eta lau galegok. Hiru hizkuntza horien arteko itzulpenak sustatuko dira hain zuzen.

Egonaldiak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, taldeko lana, egoiliarren arteko trukea lehenesteko xedea duena. Bestetik, bakarkako lana, egoiliar bakoitzak bere proiektua garatzeko aukera izan dezan. Gainera, egonaldia amaitu ostean, egoiliarrek literatura-jaialdi batean parte hartzeko aukera izango dute antolatzaileen hiru eragin eremuetan.

Deialdi publiko bat egin ondoren, hauek dira egonaldian parte hartuko duten itzultzaileak: Jesus Castro Yañez, Maria Alonso Seisdedos, Raquel Senra Fernandez, Itxaro Borda, Leire Martinez de Marigorta Varela, Lluïsa Soaz Gonzalez, Eduard Velasco, Pau Hernanez, Ainara Maya Urroz eta Isaac Xubin.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuak itzulpengintzaren alorrean egiten dituen gainerako ekimenen berri eman dute ekitaldian: Itzultzaile Berriak programa eta EIZIErekin lankidetza, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria eta literatura itzulpenak eta laginak sustatzeko diru-laguntzak. Orotara, 115.000 euro bideratuko ditu Institutuak itzulpengintza sustatzeko ekimenetara 2022. urtean.

Itzulpengintzarako diru-laguntzak

Institutuaren lan-ildo nagusietako bat euskal literaturaren nazioartekotzea da eta, azken helburu horrekin, euskal literaturaren itzulpenerako diru-laguntzak ematen ditu euskal idazleak eta haien lanak nazioarteko merkatuan zabaltzen laguntzeko. Aurten 64.000 euro bideratuko dira euskaraz idatzitako edo Euskal Autonomia Erkidegoko idazleek beste hizkuntzetan sortutako literatura-lanen itzulpen-gastuak laguntzera.

Otaegik adierazi duenez, “2020an pandemiak kultur ekintzak etenarazi zituenean itzulpengintzak loraldia izan zuen”, eta ohiko urte batean laguntzen diren lanen “bikoitza” lagundu zituen Etxeparek. “Uholde horri eutsi nahian azken bi urteetako diru-laguntza deialdietan pizgarriak gehitu dira nazioarteko argitaletxeak gure literatura erakartzeko asmoz”, esan du.

Horrekin batera, euskaraz idatzitako literatura-lanen laginen itzulpenak ere sustatzen ditu Institutuak 8.000 eurorekin. Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanen laginak ingelesera edo frantsesera itzultzea da lan-ildo honen xedea.

Itzultzaile Berriak eta EIZIErekin lankidetza

Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da Itzultzaile Berriak egitasmoaren xedea. 2021. urtean zehar egin den bigarren edizioan, Quebeceko bi itzultzailek, Yannick Bedard eta Michel Usereau, euskara hobetu dute eta literatura itzulpenean trebatu dira, eta Aiora Jaka itzultzailearen mentoretzarekin, hainbat literatura-lanen langinak itzuli dituzte: Abian eta Ederra eta piztia (Garazi Arrula), Oreina eta Ezertan lagun diezazuket? (Uxue Alberdi), eta Arrokarik altuena eta Safaria (Harkaitz Cano).

Hain zuzen ere, Gutun Zuria jaialdiak azken edizioko protagonistak bilduko ditu gaur, apirilak 2, egingo den solasaldian. Itzultzaile Berriak: mugarik gabeko literatura, 12:00etan egingo da, Xabi Payak gidatuta, eta Uxue Alberdi, Garazi Arrula, Yannick Bedard eta Michel Usereau-ren parte hartzearekin.

Itzultzaile Berriak egitasmoa Etxeparek EIZIErekin lankidetzan garatutako proiektua da, baina bi erakundeen arteko elkarlana haratago doa. Izan ere, bi aldeek sinatutako hitzarmenari esker euskal itzulpengintza nazioarteko foro eta sare garrantzitsuenetan ordezkatuta dago.

Zabaldu: