(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Etxeparek, Quebeceko Unibertsitateak eta Euskal PENek ‘Besteen ahotsa’ kongresua antolatu dute

Jardunaldi hauek eleaniztasuna eta literatura izango dute hizpide eta modu telematikoan garatuko da 2021eko urriaren 13tik 14ra bitartean

Hizkuntza ez hegemonikoetako literaturan eta hizkuntza-aniztasunean interesa duten lagunentzako ekimena martxan da. Besteen ahotsa izeneko kongresua antolatu dute Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN klubak eta Euskal PEN klubak elkarlanean, Saison Québec – Pays Basque kultur trukaketa egitasmoaren baitan. Eleaniztasuna eta literatura izango du hizpide eta modu telematikoan garatuko da 2021eko urriaren 13tik 14ra bitartean.

Kongresuak alderdi ugari jorratuko ditu: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan.

Antolatzaileek iragarri dutenez, egunero egingo dira aurkezpenak, eta saio bakoitzaren amaieran mahai-inguruak ere antolatuko dituzte. “Jardunaldi hauen helburua periferiatik edo bazterretik garatutako literaturen ikerketa konparatua sustatzea da, euren herrialdeetan lehentasunezko literatura merkatuak ez dituzten hizkuntzetan sortutako literaturak aztertzeko. Adituek sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dituzte hitzaldietan”, azaldu dute.

Era berean, jardunaldiek Euskal Herriko eta Quebeceko errealitateak aztertuko dituzte literaturaren ikuspegitik. “Euskal Herriaren kasuan, euskara osasuntsu dago urtero 2.000 liburu baino gehiago argitaratuta, baina gaztelaniaren eta frantsesaren merkatu handiak euskal idazleen eskura daude, elebidunak baitira. Quebeci dagokionez, tokiko sorkuntza literarioak bidea urratu nahi du bi merkatu handiren artean, frankofonoa eta anglofonoa”.

Izena emateko epea irailean zabalduko da eta doakoa izango da.

Komunikazio proposamenak

Egun bakoitzeko jardunaldiak osatzeko asmoz, antolakuntzak komunikazioak aurkezteko deialdia zabaldu du ikertzaileen eta adituen artean. Kongresuko gaien inguruko ikerlerroak jorratzen dituzten akademiako kideek aukera dute abuztuaren 15era bitartean euren proposamenak helarazteko. Deialdiaren inguruko xehetasunak, hemen.

Aurkezpenek 15 minutuko iraupena izango dute eta 10 minutuko galdera-tartea ondoren. Parte hartzeko interesa dutenek gehienez 300 hitzeko laburpen-proposamena bidali behar dute helbide honetara: balvda21@gmail.com. Mezu elektronikoan ikertzailearen/en ikertzailearen/en izen-abizenak, unibertsitate-afiliazioa/k, hitzaldiaren izenburua eta gai-lerroa adierazi beharko dira.

Zabaldu: