Etxetik bertsolaritzaz gozatzen jarraitzeko KIT-a osatu du Bertsozalek

COVID-19aren eraginez abiatutako berrogeialdiak etxean egotera behartu gaitu. Hori dela eta, Bertsozale Elkarteak egun hauetan bertsolaritza lagun izan nahi duenak sarean denetariko eskaintza izango duela ziurtatu du.

“Gure egunerokoa etxera ekarri behar izan dugu azken egunotan; eta horixe izango da, koronabirusa tarteko eta etorkizun laburrean behinik behin, jarraitu beharreko pauta. Berrogeialdian hainbat ganbaratako hautsak harrotu dira, hura jasoz eta beste hau ateraz. Gu ere hala aritu gara”, azaldu du Bertsozalek.

Izan ere, egoerak ekarri digun ezinbesteko erritmo aldaketak aukera aparta dakar, bide berriak urratzeko ez ezik, jada egindako ondare mardul horretan esploratzeko, zer edo zer berreskuratzeko, gogoratzeko eta berriz mimatzeko; edota orain arte ezezaguna zitzaigun hori ezagutzeko.

Haurrekin bertsolaritza lantzeko, bertsoikasgela.eus

Ikastetxeak itxita, salbuespenik gabe etxeko txikienak ezinbestean egon behar dute etxean. Bertsozale Elkarteko bertso irakasleek ikasgelan bertsolaritza lantzeko baliatzen duten ataria da bertsoikasgela.eus webgunea. Bertsozale Elkartea 463 ikastetxeetan ari da bertsolaritza irakasten, batera eta bestera ibiltzen diren 50 irakasleren eskutik; guztira, 28.500 bat haur eta gazteek jasotzen dituzte eskola hauek. Ataletako batzuk irekian daude, edozein erabiltzailek balia ditzake: bertso sortak, bat-batekoak eta jolasak topa daitezke, eta astero gai berri bat lantzeko. Gainera, gauden egoera honetarako espresuki sortutako bertso sorta eskaini dute bertso irakasle diren Iñaki Gurrutxagak eta Maddalen Arzallusek.

Haurrentzako zein helduentzako bertso-eskoletarako tresna baliagarri izateko asmoz jaio zen bertsoeskola.eus ataria: errima zerrendak, doinuak, gaiak,…denetariko materiala dago bertsotan egiteko, baita hasiberrientzako fitxak eta entzuteko bertsoaldi gogoangarriak ere. Maddi Ane Txoperenak COVID-19ari jarritako bertso sorta prestatu zuen pasa den astean.

Bertsoa.eus hedabideak bere aldetik, hamaika jaialdi, bertso afari eta emanaldi berezi biltzen ditu. Bestalde, EITB Nahieran daude azken 10 urteotako Hitzetik Hortzera programako atalak; era berean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ere badago.

Bestelako ikus-entzunezkoak ere jarri dituzte eskura: esate baterako, Mintzola Ahozko Lantegiak ekoitzitako Mundu bat ahoz aho edota Mintzolak berak Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean egindako What is bertsolaritza?; azken hau berrogeialdian dagoen atzerriko lagunari hurrengo Skype elkarrizketan gomendatzeko modukoa, ingelesez garatutako ekoizpena baita azpitituluekin. Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian ere hainbat bertsoaldi entzun ahal izango dira, Bapatean bildumakoak barne; eta irakurtzea nahiago dutenek, liburutegiko zenbait erreferentzia sarean daude.

Berrogeialdirako bertsozalearen KIT osoa hemen.

 

Zabaldu: