Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta eta Ander Barrenetxea musikariak berriz elkarrekin ikusiko ditugu, “jai giroko kontzertu bat emateko une aproposa dela iruditu zaigu, guretzako hain seinalatua den datan eta hain berezia den lekuan”, adierazi dute.
30 urte igaro dira Etzakit taldeak bere lehen kontzertua eskaini zuenetik, Hernaniko Oialume dantzalekuan izan zen, 1995eko urtarrilaren 5ean. Laukoa zortzi urte aritu zen plazaz plaza kontzertuak ematen eta ibilbide horretan bi disko argitaratu zituen. Azken Kontzertua 2003ko urtarrilaren 4an izan zen, hura ere Oialumen.
Taldekideek nabarmendu dutenez, “zortzi urteko ibilbidean Euskal Herriko ehunka herri ezagutu, maketa bat atera, 850 kontzertu inguru eman eta 1998an kaleratu genuen lehen diskoa, Etzakit izenpean”. Urtebete geroago, berriz, Goiz edo noiz?” lana plazaratu zuten. Azken horretan Zergatik ez kantua nabarmentzen da. Abesti horrek Gaztea Saria irabazi zuen 1999an, eta ordutik belaunaldi baten soinu-banda bihurtu da.
Azken emanaldi horretatik 23 urte pasa dira eta Hernaniko musikariak beste hainbat proiektutan buru belarri aritu dira; 4 itzal eta Esne Beltza, besteak beste, dira horien adibide.
Orain, “jai giroko kontzertu bat emateko une aproposa dela iruditu zaigu, guretzako hain seinalatua den datan eta hain berezia den lekuan”, adierazi dute.
Beraz, oholtza gainean Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta eta Ander Barrenetxea musikariak elkarrekin ikusiko ditugu berriz ere, “betiko indar eta sinadura propioa izango duen kontzertuan”.