Garai bateko gaurkotasuna eta aldarrikapena ospatzeko kanta sortu du Etzakit taldeak eta, horretarako, Gozategi, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, eta Amaia eta Kristina izan dituzte alboan.
30 urte igaro dira Etzakit taldeak bere lehen kontzertua eskaini zuenetik, Hernaniko Oialume dantzalekuan izan zen, 1995eko urtarrilaren 5ean. Laukoa zortzi urte aritu zen plazaz plaza kontzertuak ematen, 2003ko urtarrilaren 4an azken zuzenekoa eman zuten arte. Taldearen ibilbide horretan bi diskok ikusi zuten argia: Etzakit (Elkar, 1998) eta Goiz edo noiz? (Elkar, 2000). Orain errepertorio horri beste kanta bat gehitu dio Etzakitek Hanka-puntetan izenpean.
Taldekideek azaldu dutenez, “aspaldi, herriko plazek belarriak zeuzkaten, lurzoruak bihotza zeukan, eta hanka-punttetan dantzari zebilenak kilimak egiten zizkion lurrari. Erromeriaren kolorea ikusten zen muxugorrien oinetan, euskarazko ahots kantuen hari fina, trikitiaren magia doinu modura hedatzeko; alaitasuna zabalik zegoen, ate bat balitz bezala, festaren bukaerak itxiera agintzen zuen arte. Muxu bat, agur eta laster arte, bai, plazan irribarrez berriro elkartu arte”.
Asko hanka-punttetan erretiratzen zirela etxera diote, “pasilloko zoruari olio leun bat emanaz, gurasoak ez zitezen ohartu zein ordutan ailegatu ziren”.
Bizitza gaztea zen laukoarentzat, “zoriontsua, eta arina, haizearen orri bat bezala, begi-puntuan egun berriaren gurpila; eta zaharrak amodioaren amaraun bihurtzen ziren, memoriaren gordeleku, denboraren joana mantsotu eta hanka-punttetan aurrerantz joateko pozarren. Beste erritmo bat zeukan aspaldiko garai hark, beste xarma bat, beste historia bat. Ez zeukan behintzat oraingoaren abiadura frenetikoa, ohartzerako pasatu egiten baitzaigu bizi-denbora hau ispiluari begira gaudela”.
“Itsasertzik gabeko plazak, soinuak uhaindutako harri-itsasoak: pausoak ur-azaleko hitzak, eta txaloak gozamenezko ubera. Ilargiak pandero bat du zintzilik geroztik iragana noiz berrituko den zain balego bezala, eta gauek, lagunartearen besotik, gorputzak xamurtzen dituzte irrintzi baten esperoan: Ez zapaldu denborari zauria, baizik laztandu; hanka-punttetan, laztandu”.
Erromerietan, “konplizitateen hariekin ehundu zen adiskidetasuna, baikortasuna, esperantza. Justuki, egungo garai ilunek behar duten hori guztia”.
Garai haren gaurkotasuna eta aldarrikapena ospatzeko kanta sortu du taldeak eta horretarako, Gozategi, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, eta Amaia eta Kristina izan ditu alboan Etzakitek. “Hori da bere xumean hanka-punttetan abestia, isiltasunari ebatsitako promesa bat, soinuari egindako leku bat, iragana orainaren testigantza gisa: abiadura handiko bizitza hau ekarri digun teknologiari uko egin, hatz-punttak pantailetatik erretiratu eta hanka-punttetan berriro hasteko gonbidapen gozo bat”.