Erakusketak XX. mendearen hasieran Abaituak Bizkaiko hainbat emakumeri ateratako 34 argazki biltzen ditu. Argazki horiek Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan ikusgai egongo dira apirilaren 23ra arte, Bilbon.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Eulalia Abaituaren emakumeak izeneko erakusketa paratu dute Bilbon duten erakusketa aretoan. Bertan, XX. mendearen hasieran Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariak Bizkaiko landa eta hiri ingurunetan egindako 34 argazki ikus daitezke. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordetzen diren jatorrizkoen erreprodukzioak dira, Maite Jimenez erakusketaren komisarioak bildutakoak.
“Emakumeak historian bete duen lekua erakusteko eta benetako berdintasuna aldarrikatzeko balio du erakusketak”, adierazi du Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak, eta, gainera, “historiak ez-existentziaren plano bide gabe batean utzi dituen emakume horien guztien oroigarria da”.
Argazki zahar horiek XX. mende hasierako emakumeen munduaren zati bat islatzen dute. Benetako agertokietan, euren jantzi eta lantokian erretratatuak izan diren emakumeak. “Imajinatu beharrik ez dagoen mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egonaldi bati esker, Abaitua argazkigintzaren unibertsoan murgildu ahal izan zen, eta bertan, argazkilaritzaren hastapenetan, lanbidea ezagutzeko aukera izan zuen”.
Bere lanaren parte handi batean, Bilboko argazkilariak gizarte maila guztietako emakumeak erretratatu zituen. Euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zen, jende gutxik egindako bidea egin zuelako; “argazkiak, benetako erreportari grafikoa balitz bezala ateratzen zituen. Bere zuri-beltzeko irudiek bazterretan zegoen mundu debaluatua, ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dute”.
Erakusketaren komisarioaren ikerketa eta bilketa lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzarako aukeratutako 34 argazkiak Euskal Museoak 1990ean Gure Aurreko Andrak erakusketan argitaratu zuten erreprodukzioen parte dira.
Bere argazki-lanen izenburuek (Sardineras, Conchita en Elorrio, Maria Costa y Asunción / costureras, La vieja de Mañaria, Gitanas Santuchu, Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea, Lechera, Lavanderas en las Arenas…) emakume uniberso estereotipatua erakusten dute, bere tituluek unibertso konplexuari justizia egiteko balio ez duten arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura gabeak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak biltzen ditu. Garai hartako nagusi zen kode burges femeninoarekin kontrastea egiten duten irudiak.
Erakusketa apirilaren 23ra arte egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera.