Sektoreko ekitaldi garrantzitsuena da Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarra, eta 2028ko apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara egingo da Euskadiko Filmategian, Donostian; hain zuzen, urte horretan 50 urte beteko ditu erakundeak, eta mundu guztiko 300 aditu baino gehiago elkartuko ditu.
Euskadiko Filmategia izango da Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarraren egoitza 2028an; hain zuzen, apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara. Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak Quebecen defendatu zuen hautagaitza, Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren (FIAF) biltzar nagusiaren aurrean. Fernandezek azpimarratu zuenez, “FIAFen nazioarteko biltzarra Euskal Herrian izatea erakustoki bikaina izango da ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko eta sektoreko punta-puntako adituekin ezagutza partekatzeko”.
Filmategiaren arabera, “Nazioarteko FIAF biltzarra mundu mailako ekitaldi garrantzitsuena da artxibo zinematografikoen esparruan. Urtetik urtera aldatu egiten da herrialde antolatzailea, eta mundu guztiko artxibozainek, akademikoek eta zinemagileek parte hartzen dute”.
New Yorken egin zen lehenbiziko biltzarra 1939an, eta ordutik hona, herrialdeetako hiriburuetan antolatu da gehienetan. Iberiar penintsulako filmotekei dagokienez, Portugaleko Zinematekak 1989an antolatu zuen ekitaldia, Espainiako Filmotekak 1999an eta Kataluniako Filmotekak 2013an. Datorren urtean biltzarra Rabaten egingo da; eta 2027an, Berlinen.
Euskadiko Filmategiak 50 urte beteko ditu 2028an. 1978an sortu zenetik, zenbait etapa izan ditu, hasierako garaietatik (elkarte gisa eratu zen), gaur egunera arte. 2022tik, FIAFen eskubide osoko kidea da.