Euskadiko Orkestrak ‘Bizirik’ programa eskainiko du bihartik aurrera

Otsailaren 9ra arte sei saio eskainiko ditu.

Bihar, urtarrilak 29, Euskadiko Orkestrak hamar kontzertuz osatutako Bizirik programa abiatuko du otsailaren 9ra arte. Guztira, sei saio izango dira: Donostiako Kursaalen (urtarrilaren 29an, otsailaren 1ean eta 2an, 17.30ean eta 19.30ean); bat hilaren 3an, Bilboko Euskaldunan (19.30ean); bat otsailaren 4an, Gasteizko Principal Antzokian (19.30ean); eta bi otsailaren 9an, Iruñeko Baluarte Auditorioan (18.00etan eta 20.15ean).

Programa berria egungo murrizketetara egokituta dator, hirien eta saioen arabera hiru konbinazio desberdinekin. “Donostiako, Bilboko eta Gasteizko kontzertuetan berebiziko garrantzia izango du Sibeliusen Biolinerako kontzertuak”, adierazi dute. “Musikagile finlandiarrak musika tresna honetarako ezer gutxi idatzi zuen arren, lan hau bere errepertorioko obrarik ezagun eta interpretatuenetako bat bihurtu da”, nabarmendu dute.

Lan hau interpretatzeko Euskadiko Orkestrak Augustin Hadelich biolinista aukeratu du. “Interpretazio bakarlari onenaren 2016ko Grammy Saria eskuratu zuen eta Musical America aldizkariak 2018ko interprete onenaren saria eman zion. Hadelichek bere herrialdeko orkestra handi guztiekin jo du dagoeneko, New Yorkeko Filarmonikoa, Chicagokoa eta Clevelandekoarekin, besteak beste, eta europarren artean, Bavariako Irratiko Orkestrarekin, Amsterdamgo Royal Concertgebouw-ekin eta London Philharmonic-ekin egin du debuta, besteak beste”.

Sibeliusen obraz gain, Donostiako 19:30eko kontzertuetan, Mikel Urquiza musikagile bilbotarraren Mis monstruos marinos entzuteko aukera izango da. Lan hau, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren bigarren enkargua da, munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena gogora ekartzeko. Jazoera historiko horri buruz, Urquizari ez zaio hainbeste interesatzen balentria fisikoa, ondorio kultural eta psikologikoak baizik. Hots, “gure mundua amaiduna zela egiaztatzea aurrerapauso izugarria izan zen terra incognita kontzeptuaren desagerpenean; izan ere, Errenazimentuko kartografian apurka-apurka txikiagotu zen munstroak eta herensugeak ageri ziren mapetako tarte hori, eta esplorazio modernoak, azkenik, desagerrarazi egin zuen”. Musikagileak adierazi duenez, “hiletsitako munstro haiek babesteko orrialde bat da nire pieza, atlasetan sartzen ez den mundu zahar bat gordetzeko alegiazko leku bat”.

Iruñeko emanaldietan, Brahmsen Obertura Tragikoa eta Smetanaren Nire aberria obrako Sarka izango dira entzungai.

Hiru modalitate desberdineko lehen zatiaren ondoren, kontzertuen bigarren zatia berbera izango da: Antonin Dvoraken 5. sinfonia. Lan hau Bohemiako musikagilearen heldutasuneko lehen lan handitzat hartzen da eta “konposatzaile txiroentzako” sari bat irabazi ondoren idatzi zuen.

Ruth Reinhardt zuzendari alemaniar gazteak zuzenduko ditu hamar kontzertuak. 17 urte besterik ez zituela, bere opera propioa konposatu eta zuzendu zuen Saarbrücken, bere jaioterrian. Azken urteotan Cleveland, Seattle, Dallas edo Malmö bezalako orkestra garrantzitsuen podiumera igotzen ari da. Denboraldi honetarako programatutako hiru emakume zuzendari gonbidatuetatik lehena izango da Reinhardt debuta egiten.

Saio guztietarako sarrerak egongo dira salgai 10 eurotik aurrera. Datei, ordutegiei, programei eta sarreren salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra.eus.

Zabaldu: