(argazkia: Euskal Aktoreen Batasuna)

Euskal Aktoreen Batasunak 2024ko Besarkada sariak banatu ditu

Antzerkian, Olatz Ganboak eta Kepa Errastik jaso zuten saria. Telebista arloan, berriz, Itziar Atienza eta Gorka Otxoa saritu zituzten. Zinema arloan, azkenik, Ane Gabarainek eta Eneko Sagardoyk jaso zuten sari bana.

Euskal Aktoreen Batasunak bi urtean behin antolatzen duen (EAB) Besarkada sariak banatzeko ekitaldia antolatu zuen bart Bilboko Campos Eliseos antzokian.

Hogeigarren edizio honetan ere antzerkia, zinema eta telebista arloetako interpretazio lanak nabarmendu nahi izan dituzte.

Antzerkian, esaterako, Olatz Ganboak (Festen antzezlanean egindako lanagatik) eta Kepa Errastik (Posdatarik gabeko gutunak obran egindako lanagatik) jaso zuten saria. Telebista arloan, berriz, Itziar Atienza (Entrevías telesailean egindako lanagatik) eta Gorka Otxoa (Machos Alfa telesailean egindakoagatik) saritu zituzten. Zinema arloan, azkenik, Ane Gabarainek (20.000 erle espezie filmean egindako lanagatik) eta Eneko Sagardoyk (Irati filmean egindako lanagatik) jaso zuten sari bana.

Bestetik, Antzerkiko errebelazio saria Leire Ormazabalek jaso zuen, eta telebistako Errebelazio Saria Sambou Diabyrentzat izan zen. Ohorezko Besarkada Golden Apple Quartetek jaso zuen, “30 urte baino gehiagoz egin duten lan bikainagatik, musika eta umorearen arteko uztarketa paregabe baten bidez, publikoa konkistatu dutelako”, adierazi du EABek.

Elkarrekin egindako bidea ere eskertu nahi izan diete, Loyola Garmendia, Eduardo Errondosoro, Manuel Romano, Enrique Otxoa eta Mike Urreizti sindikatuko afiliatuei EABren sorkuntzatik izan baitira. “Aurten bere azkenengo bira egingo dutelako eta merezi duten bezala agur esatea merezi dutelako”, nabarmendu dute.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna