(argazkia: Errenteriako Udala)

Euskal antzerkigintzaren belaunaldi berriak Errenteriako Eztena jaialdian

Irailaren 6tik 12ra bitartean izango da jaialdiaren XII. edizioa, Errenterian.

Zizt! Elkarteak Eztena arte eszenikoen jaialdiaren XII. edizioa antolatu du, Errenteriako Udalarekin elkarlanean. Normalean ekainean antolatzen den jaialdia da Eztena eta aurten, beste ekitaldi askorekin gertatu den bezala, koronabirusaren krisialdiaren ondorioz irailera atzeratu behar izan da. “Neurri handi batean berrasmatu egin behar izan dugu egitaraua, eta hainbat ekitaldi errotik birplanteatu”, adierazi dute aurkezpenean Oier Guillan eta Ainhoa Alberdi antolakuntzako kideek eta Ion Collar Kultura zinegotziak.

Bere hasierako helburuei eutsiz, Eztenak aurten ere Euskal Herrian “sortzen diren proposamen ausartenei” jarri die arreta, euskal eszenari, eta oro har, sorkuntzari beste begirada mota bat zabaldu nahian. Aurten, jaialdiak bi ardatz izango dituela adierazi dute antolatzaileek.

Batetik, euskal teatroko belaunaldi berrien lanak erakutsiko dira; izan ere, belaunaldi berrietako sortzaileen artean lagundu, bultzatu eta ezagutu beharreko proposamen interesgarri eta ausart asko dagoela uste dute antolakuntzako kideek. Hau horrela, Formol kolektiboa, Tripak kolektiboa, Erika Olaizola eta Kamikaz kolektiboa, Hatxe taldea, Jon Ander Urresti, Xanti Agirrezabala eta Maite Aizpurua izango dira aurtengo egitaraua osatuko duten sortzaileak.

Bestetik, Errenteriako 700. urteurreneko ekitaldiekin bat eginez, Eztenaren barruan ezohiko laborategi bat antolatu dute, Sra Polaroiska kolektiboaren eskutik: kolektiboko kideek ikerketa bat egin dute udan zehar, herriko Gamon Zumardiko dantzaldi ezagunak ardatz hartuta. Horretarako, hainbat dokumentu aztertzeaz gain, dantzaldiak ezagututako herritarrak elkarrizketatu dituzte. Horretan guztian oinarrituta laborategi parte-hartzaile bat gidatuko dute irailaren 7tik 12ra, eta horren emaitza jaialdian erakutsiko dute, performance ireki batean.

Ardatz horiez gain, beste ekimen batzuk ere gauzatuko dira jaialdian. Bi konpainia egongo dira aste osoan zehar sormen prozesuan dauden bi proiekturen egonaldiak egiten: Formol kolektiboa batetik eta Jon Ander Urresti bestetik. Egonaldien amaieran, erakustaldi irekiak egingo dituzte, publikoarekin sormen prozesua partekatzeko.

Gainera, Tripak kolektiboak, bere emanaldia eskaintzeaz gain, performance ikastaroa eskainiko du: Tripak kalera: antzerki tailer esperimentala.

Eztenakideak

Eztena jaialdian duela urte batzuk Eztenakideen figura sortu zuten, publikoaren ideia aktibo bat sortu eta bultzatu nahian: “Publikoak iritzia dauka, kritikoa izaten daki, ez da hartzaile pasibo hutsa”.

Aurtengoan ere izango da Eztenakide txartela eskuratzeko aukera eztena.eus webgunean eta baita Niessen Kulturguneko harreran ere.

Ikuskizun guztiak doakoak izango dira eta bertaratzeko, gonbidapenak eskuratu beharko dituzte herritarrek. Horretarako bi bide daude: bibe.me webgunearen bidez eta Niessen Kulturguneko harreran (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara).

Pertsona bakoitzak lau gonbidapen eskuratu ahal izango ditu gehienez ikuskizun bakoitzerako.

Informazioa eta egitaraua hemen.

Zabaldu: