(argazkia: BFA)

Euskal diasporaren historia ezagutzeko parada, Acebal Idigorasen artearen bidez

Azaroaren 24ra arte bisitatu ahal izango da Acebalekin lotutako 56 pieza biltzen dituen erakusketa, Gernikako Euskal Herria Museoan. Pieza horien artean jatorrizko dokumentazioa dago: gutunak, katalogoak, liburuxkak, txartelak edo ordainagiriak.

Gernikako Euskal Herria museoan Arturo Acebal Idigoras. Euskadi Argentina izeneko erakusketa paratu dute. Bertan, euskal kulturaren esentzia urrunera, Argentinara esaterako, eraman zuten euskal artisten historia ezagutzera eman nahi da. Acebal Idigoras erbesteratutako euskal sortzaileen komunitateko kidea izan zen, eta bizirik mantendu zituen Euskal Herriaren nortasuna eta espiritua, bere herrian egon ez arren.

Acebalen pinturen, marrazkien, zeramika-lanen, brontzezko lanen eta dokumentu originalen bidez, “erakusketak emozioz betetako bidaia bat egitera gonbidatzen ditu bisitariak. Bertan, itxuraz oso ezberdinak diren, baina lotura estua duten bi kulturen paisaia, ohitura eta aurpegiak uztartzen dira: euskal kulturarenak eta argentinarrarenak. Batasun sortzaile horrek euskal diasporaren garrantzia ikusarazten du, eta gogoratzen digu muga geografikoek ezin dituztela bereizi herri baten esentzia eta kultura-ondarea”, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Sonia Ruedak sortu ditu erakusketaren diseinua eta katalogoa, eta Maria Jose Arturoren alabak aitak bizitza osoan zehar arretaz gordetako dokumentu ezezagunak utzi dizkio museoari.

Beraz, erakusketa berri honen bidez, Arturo Acebal Idigorasen obrari buruz hitz egiten da, eta bi herrialderen artean bizi izan zuen esperientzia ezagutzera ematen da; beste euskal sortzaile asko bezala, erbesteratua izan zen eta bi errealitate oso desberdin ezagutu behar izan zituen, euskalduna eta argentinarra. Erakusketan eta katalogoan, Acebalen lanari buruzko idazkietatik eta Argentinako diasporatik senide eta lagunei bidali zizkien eskutitzetatik ateratako esaldiak ageri dira, Acebalen obren ondoan. Bizi izan zuenaren eta bizitza osoan arteari eskaini zion erabateko dedikazioaren isla dira.

Azaroaren 24ra arte bisitatu ahal izango da Acebalekin lotutako 56 pieza biltzen dituen erakusketa. Pieza horien artean jatorrizko dokumentazioa dago: gutunak, katalogoak, liburuxkak, txartelak edo ordainagiriak. Horrez gainera, erakusketak artistak egindako lan hauek ditu: oihal gaineko 27 olio-pintura, akuarela bat, 9 marrazki, zeramikazko eta brontzezko 12 pieza.

Erakusketaren katalogoa

Bost atalez osatuta dago. Haietako bakoitzak Acebalek Euskal Herrian eta Argentinan egindako lana eta izandako esperientzia deskribatzen ditu: zeramika, txokoak, paisaiak, erretratuak, natura hilak eta formen forja-lanak (brontzea). Acebalek gerraren eta gerraostearen testuinguruan garatu zuen bere lana, eta Mikel Lertxundi eta Xabier Saenz de Gorbea arte-historialarien testu batzuek deskribatzen dute testuinguru hori.

Zabaldu: