Programak 40.000 euroko aurrekontua du. Diru horrekin sortzaileak, elkarteak edota galeriak lagundu nahi dira, batez ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa. Proiektuak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Euskal Hirigune Elkargoak Berpiztu 5 proiektu deialdia abiatu du kultura berpizteko helburuarekin. 2020ko abenduaren 19an, kontseiluak kultura suspertzeko plana onartu zuen. Honek 1,2 milioi euroko aurrekontua du eta 2021, 2022 eta 2023 urteetako proiektuak finantzatuko lituzke. Proiektu hau osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko sortu dute kultur eragileekin batera.
“Berpiztu 5 laguntza planaren helburua da artistek epe labur eta ertainean bere jarduerei berriz ekitea, jakinik kultura ekitaldiak ohiko erritmoan berrabiarazteko datari buruzko ziurgabetasun handia dagoela”, adierazi dute. Hala, plana ikuskizun biziari, musikari eta arte bisualei dagokiela nabarmendu dute.
Programaziorako, mugikortasunerako, komunikaziorako eta abarrerako laguntzak zazpi baliabideren inguruan antolatu dira, eta Ipar Euskal Herriko artista profesionalak publikoaren aitzinera lehenbailehen itzultzen laguntzeko aukera ematen dute.
Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoak euskoa ibilbidean ezartzen lagundu nahi du, horregatik “emandako laguntzak euskotan ordainduko dira, kultura-eragileez gain, lurraldeko ekonomia osoa berriz sustatzeko”, azpimarratu dute.
Euskal Elkargoaren webgunean dago proiektuaren gaineko informazio guztia eskuragai.