Arte garaikidearen bitartez, narratiba kritiko berriak eta eraldaketa soziala aztertzen dituzten 19 euskal eskultoreren lanak biltzen ditu.
Martxoaren 8arekin bat eginez, E3 Euskal Emakume Eskultoreak Elkarteak Eskultoreak HEMEN ORAIN erakusketa kolektiboa paratu du Bilboko Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “proiektu artistiko honen helburua sortzaileen lana ikusaraztea da, betidanik maskulinizatuta egon den ingurunean, eta gaur egungo artearen irakurketa kritikoa proposatzea, erresistentziarako eta hausnarketarako gune moduan”.
Erakusketak 2022an sortutako E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboa osotzen duten 19 eskultoreren 19 lan biltzen ditu. Apirilaren 24ra arte ikusgai egongo diren piezak figurazioaren, abstrakzioaren eta kontzeptualaren artean dauden piezen aukeraketa dira, zeramika, alanbrea, egurra, hormigoia edo plastiko birziklatua bezalako materialak erabiliz.
Parte-hartzaileen artean, ibilbide luzeko artistak (hiri eta museo handietan erakusketak egindakoak) eta belaunaldi berriak daude, horien artean, Eider Baile Zabala, Anabel Barberena, Maite Barrainkua Buruaga, Susan Bart, Virginia Bosch, Barbara Camhi Jacard, Maite Canto Equisoain, Amaia Conde Chiralt, Helena Elbusto, Idoia Elosegi, Idoia Grijalbo, Maria Jose Lacadena, Amparo Lozano Sancha, Arantza Munita Irisarri, Olatz Pereda Bados, Nery Adriana Pradenas, Amaia Saenz de Magarola Herrero, Elena Scaratti eta Elena Solatxi. Euren lanek genero-identitatea, ekologia, memoria materiala eta mundu garaikidea ulertzeko feminismoarekin ezinbesteko lotura duten gaiak jorratzen dituzte.
Ekimen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboak, monumentaltasuna eta botere tradizionala zalantzan jartzen dituen produkzio artistikoa ezagutzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak, prozesu esperimentalen eta emakumeen autoretza indibidual eta kolektiboaren defentsa sendoaren alde eginez.