Ekainaren 7an Bastidan ospatzekoa zen jaia, Hazitik gora! lelopean. Antolakuntzak koronabirusak eragindako egoera argitzen den heinean data berria ezagutzera emango duela jakinarazi du.
Atzeratu egingo da ekainaren 7an Bastidan Hazitik gora! lelopean ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia. “Egun bizi dugun egoera argitzen den heinean jakinaraziko dugu data berria”, adierazi du antolakuntzak ohar labur baten bidez.
Arabako Errioxako ikastetxe publiko guztiak ari dira parte hartzen jaiaren antolaketan. Euskal Eskola Publikoak euskal gizartean duen zeregin egituratzailea aitortzea da egun honen helburua. Bastida, Eltziego, Lantziego, Oion eta Laguardian kokatuta daude sei ikastetxeok.
Aipatu bezala, Hazitik gora! da aurtengo edizioaren leloa. Honen bidez, Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean jarri eta bizi duten transformazio prozesua aitortu nahi du, “Hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala, elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten”.
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua aldarrikatzailea izan da hasieratik, “jai giroan eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela aldarrikatzea”, hain zuzen ere. 1994tik, urtero antolatzen da guraso elkarteek ikastetxe publikoetako gainontzeko kideekin batera.