Ertzak proiektua, Martxoak 29 eta 31 bitartean egingo diren antzerki topaketa batzuekin abiatuko da.
Euskal eszenarentzako egitasmo berri bat jarri da abian Lekeition: Ertzak sarea. Euskal teatroaren “ertzak” ikusarazi eta harremanetan jartzeko dinamika. Euskal Herrian zehar teatroa, berau egiteko moduak hainbat direla aintzat hartuta, egiten duten talde eta norbanakoak biltzea du helburua eta beraien lana ikustaraztea, edo partekatzea. Teatroa bide ez konbentzionaletatik edo ogibide izan gabe egiten dutenentzako espazio bat proposatzea hain zuzen.
Izan ere, sare honetako arduradunek azaldu dutenez, “euskaraz egiten den antzerkia anitza da eta geruza ugaritan bana daiteke”. Aniztasun horretan, hain zuzen ere, hainbat eta hainbat ertz aurki daitezke: antzerkia zaletasunetik egiten duten taldeak, proposamen bereziak plazaratu nahi dituztenak, espazio edo formatu arruntetatik haratago joan nahi dutenak, edo, besterik gabe, bideak egiten hasteko espazioak behar dituzten dinamikak… antzerkia zirkuitu konbentzionaletatik kanpo bizi dutenentzako harremanak egiteko sareen falta badago Euskal Herrian. Asko sortzen da, baina, falta dira bizipen horiek elkarbanatzeko espazioak.
Ideia horri tiraka, Lekeition proiektu bat sortu zen, herriko Muntu antzerki taldearen babespean eta 2019ko Ibilaldia Lekeition egiteari esker jaioko da aurten. Izan ere, aurtengo Ibilaldiak, ekintzaz jositako urte bat izatetik haratzago joan nahi du eta tokiko garapena ekarri dezaketen proiektuak bultzatzeko asmoa dauka.
Aurtengo edizioan, Ertzak proiektua, Martxoak 29 eta 31 bitartean egingo diren antzerki topaketa batzuekin abiatuko da. Euskal Herri osotik hurbilduko diren antzerki talde edo bakarlarien erakusleiho bat izango da. Zazpi antzerki obra, bi tailer eta mahai-inguru bat aurkeztuko dira lehen urte honetan. Pasaiako Hamaika buelta antzerki taldea, Lesakako Mairu, Tolosako Katiuska, Durangoko Karrika eta Donostiatik Ion Martinez Txiki bakarrizketalaria ikusi ahal izango ditugu antzerkizaleen taldean. Talde guzti hauen anfitrioi lana egingo ditu herriko Muntu antzerki taldeak ere, eta sorkuntza prozesuan dagoen lan bat eskainiko du. Hauekin batera Ze Onda taldeak, Heriotza bikoitza antzezlana ere taularatuko digute, Jon Ander Alonsoren zuzendaritzapean, eta Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga aktoreekin.
Antzerki obrez gain, Arropaineko Arraguarekin elkarlanean, Olatz de Andres koreografoak Mugimendua eta ukimena izenburupeko tailerra eskeiniko du, eta Leire Salamanka argi teknikariak antzerkirako oinarrizko argiztapen tailer bat dinamizatuko du. Ikastaro hauetaz gain, Euskal Herriko antzerkizale elkartearekin elkarlanean Teatro Geruzak izenburupeko mahai-ingurua ere eskainiko da, euskal antzerkiko izen bereziekin batera.
Ertzak topaketen asmo nagusia da, Lekeition sortutako espazio honetatik, antzerkizaletasunean mugitzen diren talde hauek guztiak harremanetan jarriko dituen sare bat eraikitzea. Elkarlana edo sinergiak bilatu eta horrelako taldeek aurrera eramaten dituzten dinamikak bistan egon ahal izateko.
Informazio gehiago hemen.